Osasun arloa pribatizatu nahia egotzi dio ELAk Jaurlaritzari

Inbertsio faltak eta kudeaketa txarrak osasun publikoa «amildegira» daramatela salatu du

Mikel Carramiñana.
2007ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Urte batetik bestera, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan gero eta diru gehiago esleitzen diote osasun arloari. ELAk atzo salatu zuenez, baina, gizarteari «iruzur» egiten dio Jaurlaritzak Osakidetzari buruz zabaltzen dituen datuekin. Arabako , Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun publikoa Europako Batasuneko herrialdeetako osasun sistemekin alderatzen duen txostena egin du ELAk, eta bertan bildutako datuak aurkezteko, agerraldia egin zuten atzo, Bilbon, Julene Gabiola sindikatuko batzorde teknikoko kideak, Patxi Agirrezabala Gizalaneko idazkari nagusiak eta Izaskun Garikano ELAko Osakidetzako arduradunak.

Sindikatuak osasun zerbitzuei Barne Produktu Gordinaren (BPG) zer portzentaje eskaintzen zaien neurtu du, urtetik urterako bilakaera neurtzeko eta konparaketak egiteko. Hala, aurten Eusko Jaurlaritzak osasun arloan iaz baino 151 milioi euro gehiago gastatuko baditu ere, aurtengo aurrekontuetan azaltzen diren 2.793 milioi horiek BPGren %4,2 dira, iazko %4,3ko inbertsioa baino hamarren bat gutxiago. Horren aurrean, «urtero sinetsarazten dizkiguten igoerak» non diren galdegin zien Gabiolak Osasun Saileko arduradunei. Hamabost kideen Europako Batasunean, 2004an, osasun arloko batez besteko gastua BPGren %6,8koa izan zen.

Gizalaneko buruak, bestetik, Jaurlaritzaren politika fiskala salatu zuen: «Diskurtsoak ez bezala, haien ekimenak neoliberalak dira». Aurrekontuetan osasun arloari esleitzen dioten tartea murriztu egiten dela esan zuen, eta bestelako neurri batzu erek kritikatu zituen: «Zergak gutxitu dituzte, eta diru bilketa murrizten badute, gastu publikoa ere jaitsiko da. Era berean, iruzur fiskala gelditzeko neurririk ez dute hartzen». Azkenik, Jaurlaritzaren aurrekontuak «beti superabitarekin amaitzen» direla nabarmendu zuen.

Gizarteari bestelako mezuak helarazi arren, Agirrezabalaren ustez, «osasun arloa pribatizatzea da Jaurlaritzaren eta patronalaren asmoa, hori ezkutatu egiten badute ere». Pribatizazioaren aldeko «joera argia» izan arren, Administrazioak kritikarik onartzen ez duela azaldu zuen eta, isilarazteko, «ahal duten propaganda eta bitarteko guztiak» erabiltzen dituztela salatu zuen. «Are gehiago, sistemaren onurak azaltzen dituzte, osasun publikoa amildegira doan bitartean».



ITXARONALDIAK. Itxaron-zerrendak dira, Izaskun Garikanoren esanetan, Jaurlaritzaren politikaren erakusgarri. «Osakidetzak dio 51 eguneko itxaronaldiak daudela, baina guk ez dugu ezagutu lehenengo kontsultatik atera eta epe horretan artatu den gaixorik». Medikuntzaren zenbait arlo eta espezialitatetan, ordea, itxaron-zerrendak «dezente murriztu direla dio Jaurlaritzak, eta egia izan daiteke». Alabaina, «mediku gehiago kontratatu gabe, nola lortu dute? Erraza, erietxe pribatuetara bideratu dituzte ebakuntza ugari».

Horren harira, osasun publikoaren aldekoapustua egiten duen administrazioak langile gehiago kontratatu eta azpiegiturak «hobeto» erabili behar dituela gogorarazi zuen Garikanok, besteak beste, «ebakuntza geletan arratsaldez ere lan eginez». Osasun sistema baten eraginkortasunaren neurgailua izan daitezke itxaron-zerrendak eta, horren jakitun, ahalik eta datu onenak ematen ahalegintzen dira Osakidetzako zuzendariak. ELAko ordezkariaren hitzetan, Osasun Saileko arduradunentzat «arazoa ez da osasun arloan miseriak egotea, gizartea miseria horietaz jabetzea baizik, gauzak ondo doazen itxura eman nahi dute».

Gabezia horiei guztiei aurre egiteak «langile gehiago hartzea ekarriko» lukeela gogorazi zuen ELAko kideak, baina Jaurlaritzak ez duela gai horiek eztabaidatzeko asmorik. Halaber, gizartearen beharrak betetzen ez direla nabarmendu zuen, hala nola, hortzetako osasuna, emakumeen ginekologi azterketak edota zahartzaroarekin loturik dauden eritasunak. Osakidetzako langileen baldintzak, azkenik, gero eta okerragoak direla salatu zuen Garikanok: «Lan zama gora doa, bitartekoak urriak dira eta prekarietatea da nagusi».





############



«Osasun Sailarentzat arazoa ez da osasun arloan miseriak egotea, gizartea horietaz jabetzea baizik»

izaskun garikano
ela-ko osakidetzako arduraduna
«Osasun arloa pribatizatzea da Jaurlaritzaren eta patronalaren asmoa»

patxi agirrezabala
gizalan-eko idazkari nagusia



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.