Gizartea

Osasun arloan desberdintasun sozialen eragina murriztu eta pertsonen jabekuntza sustatu nahi du Jaurlaritzak

35 helburu eta 146 ekintza dauzka Osasun Sailak gaur aurkeztu duen 2013-2020 Osasun Planak.

Maite Asensio Lozano.
2014ko urtarrilaren 17a
17:46
Entzun

Osasun politikak Eusko Jaurlaritzaren sail guztietara hedatuko dituen egitasmoa aurkeztu du gaur goizean, Bilbon, Jon Darpon Osasun sailburuak. 35 helburu erdiesteko 146 ekintza aurreikusten ditu EAEko 2013-2020 Osasun Planak. Osasuna, pertsonen eskubidea, guztion ardura izenburupean, gaixotasunen tratamenduan ez ezik, prebentzioan ere indar handia jarri du dokumentuak: desberdintasun sozialek osasunean duten eragina murriztu nahi du gobernuak, baita pertsonen jabekuntza sustatu ere, bai elikaduraren zein ariketa fisikoaren bidez ongizatea bilatzeko, baita jokabide arriskutsuak deuseztatzeko ere. “Pertsona bakoitza agente aktibo izatea nahi dugu, norbere osasunaren arduradun”, esan du Darponek.

Bost arlo ditu Osasun Planak, eta horietako bi zeharkakotasunez landuko dira: batetik, ekitatea eta erantzukizuna bultzatzea, kalitatezko osasun sistema publikoa sendotze eta berdintasuna txertatze aldera; bestetik, bizimodu eta inguru osasungarriak sustatzea, besteak beste, elikaduraren, buru osasunaren eta lanaren esparruetan.

Beste arloetan hiru gizatalde definitu dituzte. Lehenik, gaixotasunen bat duten pertsonen atalean, erikortasuna eta hilkortasuna gutxitzeaz gain, gaixotasun horiek eragiten dituzten mendekotasunak murrizteko helburua ere ezarri du. Halaber, arreta berezia eskaini nahi die minbiziari, diabetesari, gaixotasun kardiobaskularrei  —iktusa barne—, sexu harremanen bidez kutsatzen diren eritasunei eta gaixotasun arraroei. Bigarrenik, adineko pertsonen zahartze aktiboa sustatu nahi du planak; euren autonomia manten dezaten du helburu, besteak beste. Azkenik, haur, nerabe eta gazteekin hartu beharreko neurriak xedatu ditu, beren osasunaz arduratzeko gaitasunak barnera ditzaten. Atal horretan sartu ditu, esaterako, loditasunaren edota tabako zein alkohol mendekotasunen aurkako ekintzak.

Darponen hitzetan, “Osasun Sailak herritarrekin sinatutako hitzarmen sozial” berria da plana. Halaber, nabarmendu du esparru administratiboan berrikuntza handi bat dakarrela: “Iñigo Urkullu lehendakaria izango da planaren arduradun nagusia, lehen aldiz. Horrek bermatuko du estrategiak eta helburuak politika guztietan txertatzea”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.