Osasun arlo guztietan aplikatzen diren hizkuntza politikak aztertuko dituzte gaur, Eibarko Markeskoa jauregian (Gipuzkoa), OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatu dituen topaketetan. Euskararen erabilera eta euskarazko produkzioa bultzatze aldera zein neurri hartu eztabaidatuko dute jardunaldian.
Orain 22 urte sortu zen OEE, baina horrelako ekimenik antolatzen duten lehen aldia da. «Premiazkoa» ikusi dute, erakunde publikoetatik iritsitako neurri batzuk euskararen estatusari kalte egiten ari zaizkiola antzeman baitute, Roberto Manjon euskara teknikariak azaldu duenez: «Osasun arloan euskaldunei ematen zaien zerbitzua txarra da, eta azken urteotan planteatu diren zuzenketak ez dira gauzatu».
Hartara, osasun arloarekin lotutako eragile guztiak elkartzeko aukera izango da gaurkoa. Osasun arloko langile eta erabiltzaileez gain, sindikatuetako eta alderdi politikoetako ordezkariak ere deituta daude parte hartzera. Egoera aztertu eta harremanak estutzea ez ezik, estrategia bateratua eraiki daitekeen ere hausnartzeko helburua dute parte hartzaileek.
Ikuspegi ezberdinak aztertu
10:00etan hasiko da lehen saioa.Osasun arloan euskarak duen egoera aztertuko dute, hainbat ikuspegitatik: Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia lege esparruaz mintzatuko da; Adrian Hugo Llorente eta Angel Bidaurrazaga Medikuntza irakasleak euskarak unibertsitate ikasketetan duen presentziaz jardungo dira; Roberto Manjonek osasun publikoetako hizkuntza politikez hitz egingo du; eta Paula Kasares Behatokiko kideak gaiarekin lotuta izandako eskubide urraketa eta salaketen berri emango du.
Gero, topaketetan parte hartzen dutenek azken egunetan bidalitako komunikazioak aurkeztuko dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, ikasketak euskalduntzearekin lotutako kexak dira gehienak. Ondoren, 13:00aldera, mahai ingurua egingo dute hizlari guztiek.
Osasun arloko hizkuntza politikei buruzko gogoeta egingo dute Eibarren
Arloarekin lotutako eragile guztiak batuko ditu gaur OEEk, bide bateratua landu daitekeen aztertzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu