Nafarroako lehen arreta eta arreta espezializatuaren sistemaren eredu aldaketa modu «ilunean» egitea leporatu diote Nafarroa Baik, Bilduk eta Ezkerrak Marta Vera Osasun kontseilariari. Hain zuzen ere, eredu berriaren ildo nagusiak zehazterakoan, profesionalen zein beste eragileen iritzia ez dela kontuan hartu nabarmendu dute. Aurretik bildu beharrean, aldaketaren oinarria zehaztu dutenean bakarrik bildu direla salatu dute. «Ez eskatu eztabaida eraikitzaile bat ekarpenik egiten utziko ez baduzu», aurpegiratu dio Asun Fernandez de Garaialde NaBaiko parlamentariak Marta Verari, azken honek eredu aldaketaren berri eman ondoren, atzo, Nafarroako Parlamentuan.
Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak eredu berriak profesionalen artean sorrarazi dituen zalantzen berri eman zuen, elkarrizketa falta horren adibide: leku aldaketak egiteko irizpideak... Bide batez, gaineratu du Osasun Sailak ez duela arreta ereduari buruzko eztabaida «irekirik» sustatu, eta aldaketarekin ezkutatzen denaz ohartarazi du. «Ez gara soilik antolaketa berriaz ari, murrizketei buruz baizik», zehaztu du Ruizek.
Marisa de Simon Nafarroako Ezkerra koalizioko kideak aldaketaren oinarri falta salatu du. Aldaketa egiten hasi aurretik egindako ikerketa ez dela «nahikoa» izan uste du, eta hori arretaren kalitatean nabarituko dela gaineratu du: «Herritarrek ezer jakin gabe egin da osasun arretaren eredu aldaketa, eta arretaren kalitatearen jaitsiera ekarriko du horrek».
UPNk, PPNk eta PSNk txalotu egin dute Marta Verak azaldutako eredu aldaketa. «Asmo handiko egitasmoa» dela azaldu dute hirurek, baina PSNko parlamentaria Mari Carmen Otxoak egin diren aldaketen informazio egokia eman behar dela ohartarazi du. «Hiritar bakoitzak jakin behar du noiz eta non egongo den bere medikua».
Profesionalen parte hartzea
Egitasmoa aurrera eramateko, osasun sistemako profesionalen lankidetza funtsezkoa dela gogorarazi dute parlamentari guztiek, eta Verak ildo horretan lanean ari dela azaldu du. Profesionalekin osatutako zenbait lantalde eredu aldaketaren ardatzak ezartzeko moduak aztertzen ari direla gaineratu du. Lantalde horiek antolaketa proposamenak egingo dituzte, eta, proposamen horiek eskuan dituztenean, mahai sektoriala deituko dute.
Horrez gain, Verak jakinarazi du eredu aldaketa egiteko eragile ugarirekin hitz egin dutela, eta horren arabera zehaztu dituztela aldaketaren ildo nagusiak. Halaber, langilerik ez duela kaleratuko berretsi du: «Ez da lantaldea txikituko; langileak beste modu batera banatuko ditugu».
Azken egunotan Farmazialarien Elkargoarekin eta beste zenbait eragilerekin bildu da Vera, eta gaur bertan alkateekin bilduko da eredu aldaketaren berri eman eta iritziak biltzeko. «Hau ez da marketin ekimena, gardentasun eta erantzukizun saioa baizik, eredu aldaketak arrakasta izan dezan», argudiatu du kontseilariak, eta aurretik ere bilerak egin dituztela gaineratu du.
Osasun-eredu aldaketa «iluna» egotzi diote Verari
Nafarroako Osasun kontseilariak aurreratu du profesionalen lantaldeek zehaztuko dutela antolaketa berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu