Osasun langileek gripearen txertoa hartzea nahi dute

420.000 txerto banatuko ditu Osakidetzak urriaren 31ra arte iraungo duen kanpainan

Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Osakidetzako langileek gripearen aurkako txertoa hartzea. Horra hor Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo hasi eta urriaren 31n amaituko den txertatze kanpainarako jarri duen helburu nagusia. 2009ko kanpainan Osakidetzako langileen %46k hartu zuten gripearen kontrako txertoa; iaz, berriz, %23k besterik ez, «zenbateko txikiegiak», Bengoaren iritziz.

«Sektoreko langileen %25ek izaten dute urtero gripearen arrastoa, eta horien %50en kasuan sintomarik gabekoa izaten da gripea, edo sintoma txikiak erakusten ditu», adierazi du Osasun sailburuak. Modu horretan, langileek ospitaleratuak egoteagatik ahulago dauden pertsonak kutsa ditzaketela uste du Bengoak. «Hori dela eta, gai hau beste modu batean jorratu behar dugu».

Hain zuzen ere, gripearen aurkako txertatzearen sustatzaileak erietxeetako langileek izan behar dutela adierazi du sailburuak: «Ezerk eta inork ezin ordezka dezake medikuek eta erizainek txertatzearen onuren inguruan eman dezaketen aholkua». Hori dela eta, txertoa hartzera deitu du erietxeetako pertsonala, «profesionalek txertatze prozesuan izan dezaketen sinesgarritasunaren araberakoa baita gero norbanakoaren sinesgarritasuna ere». Halaber, langileen txertatzeak gaixotasun, absentismo eta heriotza tasa murriztuko dituela ere adierazi du Bengoak.

Osasun langileen txertatzea «segurtasun klinikoari» lotutako arazo gisa ikusten du Osasun sailburuak. Eta jakinarazi du hainbat herrialdetan —Australian, Zeelanda Berrian, Kanadan— profesionalen txertatzea derrigorrezkoa izan dadin gomendatu dutela: «Gu ez gara joango norabide horretan, baina hori da joera. Horretara iritsi baino lehen, ordea, gauza asko dauzkagu egiteko».

Horren haritik, EAEko osasun sistemaren buruak aipatu du joan den mendean osasun publikoak izandako lorpen handienetakoa txertoak heriotza tasari jarritako galga dela: «Zoritxarrez, txertoen segurtasunean eta eraginkortasunean hobetu dugu, baina herritarrek txertoetan duten konfiantza gutxitzen ari da».

Aurtengo kanpainaren helburuak hauek dira, besteak beste: 65 urtetik gorako herritarren %65 txertatzea eta egoitzetan ingresatuta dauden 65 urtetik gorako pertsonen %95. Era berean, beste arrisku talde batzuen txertatze tasa handitzea ere jarri du helburu Osasun Sailak: gaixotasun kronikoak dituztenak eta haurdun dauden emakumeak batik bat.

Aurreko urteko kanpainan 356.922 txerto banatu zituzten—2009an 405.062 izan ziren—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.