Maria Angeles Sepulveda. Emakume biktimei laguntzeko Andaluziako Koordinazio Unitateko burua

«Osasun sistemak biolentzia kasuak epaitzeko prozesua has dezake»

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Maria Angeles Sepulveda auzitegi medikuak gogora ekartzen du osasun sistemak duen garrantzia emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko politiken barruan. Osasun profesionalen trebakuntza nabarmendu zuen, atzo, gai horren inguruan Gasteizen Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak egindako jardunaldietan. «Genero indarkeria izozmendi baten modukoa da; muturra baino ez dugu ikusten, baina kasu gehienak ezkutatuta daude, eta osasun profesionalek azalaraz ditzakete».

Zer moduzko trebakuntza dute gaur egungo osasun profesionalek genero indarkeriaren kasuei aurre egiteko?

Erronka handia dute aurrean gaur egun. Ikasi egin behar dugu, eta aurrera egin. Genero indarkeria esparru askotan gertatzen da, eta beharren arabera aurreratu da sektore bakoitzean. Poliziek etajustiziak, hobetzeko tartea duten arren, aurrera egin dute. Dena den, osasun sistema apur bat atzean geratu da.

Zergatik?

Emakumeen in darkeria osasun publikoko arazotzat jo zuen OMEk 1996an, baina guk ez dugu horrela ulertu duela gutxira arte. Ur putzu batean erortzen den tanta baten modukoa da genero indarkeriaren irudia. Erdian biktimaren osasuna, emakumearena, eta inguruan eraztunak daude: seme-alabak, senideak, lana…

Zein da osasun sistemak duen garrantzia genero indarkeriaren aurkako politiken barruan?

Genero indarkeria atzemateko lehen iragazkia izan daiteke osasun sistema. Modu ezberdinetan egin dezake, bai zauriak agertzen direlako, bai bestelako sintomen ondorioz detektatzen dutelako. Osasun sistemak biolentzia kasuak epaitzeko prozesua has dezake, lesio parte baten bidez, besteak beste.

Lesio parteen inguruan eztabaida egon da zure agerraldian...

Medikuaren eginbeharra da. Gaixoarekiko erantzukizuna du, eta, deliturik egon bada, epaileari jakinarazi behar dio. Hori teoria da, baina praktikan gerta daiteke kasu bat argiegi ez egotea.

Zer egin daiteke kasu horietan?

Prestakuntza lana ezinbestekoa da sintoma zehatzak, zeharkakoak eta susmo adierazleak antzemateko. Prestakuntzak indarkeriaren detektatze azkarra egiteko tresnak ematen ditu, ebaluazio ona egiteko giltza da.

Zertaz ari zara zeharkako sintomei buruz ari zarenean?

Eraso batek zauriak utz ditzake, baina genero indarkeriak bestelako sintomak ere eragiten ditu, zauria sendatu ostean mantentzen direnak: insomnioa, depresioa, antsietatea, buruko mina, zorabioak, arnas hartzeko zailtasunak... gaixotasun endokrinoak ere ager daitezke.

Zergatik?

Estres kronikoa bizi dute genero indarkeriaren biktimek, organismoa alerta egoeran dagoelako etengabe.

Nola egin daiteke kasu horien jarraipena? Badaude aski baliabide horretarako?

Mediku txostena oso tresna garrantzitsua da, kasu bakoitzaren ebaluazio eta diagnostikoa egiteko balio baitu. Horrez gain, txosten hori etengabeko tratu txarren proba bat izan daiteke auzitegiko medikuentzat.

Arduragabekeriaren eta gaizki ulertutako gehiegizko arduraren arriskuak aipatu dituzu hitzaldian.

Prestakuntza falta eta interes faltagatik gerta daiteke arduragabekeria. Dena den, kontrakoa gero eta gehiagotan ematen da, ardura gehiegi hartzeagatik haien lana egiten ez duten pertsonena. «Zertarako hasiko dut lesio parte bat, erasotzaile guztiak kalean badaude». Hori entzutea geroz eta ohikoagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.