Osasuna jada ez da munduko herritar guztien eskubide. Horixe salatu dute Medicus Mundi, Munduko Medikuak eta Prosalus elkarteek Iruñean. Txosten bat egin dute garapenerako lankidetzari buruz, eta agerian utzi dute azken urteotako murrizketek kinka larrian utzi dituztela orain arte garatutako proiektuak. "Osasunaren arloko garapenerako lankidetzak izan du emaitzarik azken hogei urteotan; baina oraindik gauza anitz dago egiteko, eta ezin izanen dugu, murrizketen bidetik jarraitzen badute gobernuek", salatu du Medicus Mundi erakundeko arduradun Carlos Medianok.
Murrizketa horien ondorioz herritar anitzek osasun arreta jasotzeko eskubidea galdu dutela erantsi du, eta halako egoera ezin dela onartu nabarmendu. "Osasuna lehentasunezko esparrua da; giza eskubide bat da", erran du Medianok.
Barrura begira ere osasunaren arloan egin diren erreformek gizartearen zati bat osasun arreta jasotzeko eskubiderik gabe utzi dutela salatu du Munduko Medikuak elkarteko Nafarroako buru Javier Cañadak. "Gobernuak behin eta berriz errepikatzen du inor ez duela artatu gabe uzten, baina errealitatea bertzelakoa da. Paperik gabeko etorkin anitz osasun arreta jasotzeko eskubiderik gabe gelditu da Nafarroan".
Gobernuak urrian onartutako dekretua ekarri du gogora Cañadak, haren bidez paperik gabeko etorkinentzat osasun arreta jasotzeko sistema arautu baitzuen Osasun Departamentuak. "Ordaindu beharko zutela erabaki zuen gobernuak, baina argi dago paperik gabeko etorkin anitzek ez dutela dirurik horretarako. Denek ez zuten diru laguntzak jasotzeko aukerarik. Ondorioz, gobernuak sistematik at utzi zuen hainbat herritar".
Gogoratu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean bertan behera utzi duela Nafarroako Gobernuaren dekretu hori. Cañadak gogora ekarri du, halaber, Nafarroako 2010. urteko osasun legeak herritar guztiei onartzen diela osasun arreta jasotzeko eskubidea, eta lege hori bete dezala eskatu dio Nafarroako Gobernuari.
Nafarroan garapenerako lankidetzaren esparruan gertatu diren murrizketak ere salatu ditu Cañadak. 20 milioi euro bideratzen zituen horretarako gobernuak duela bi urte. "Eta orain 5,5 baino ez", azaldu du Munduko Medikuak erakundeko buruak.