Jose Luis Lobo Beristain Arnas Aparatuaren Eritasunei buruzko Hego Euskal Herriko Elkarteko lehendakariaren arabera, «osasun zerbitzuek gainezka egin zuten», arnas aparatuarekin zerikusia zuten arazo larri asko izan zirelako. Haren iritziz, epidemiak, goia jo zuenean iazko azkeneko astean eta aurtengo lehenengo hiru asteetan, sistema kolokan utzi zuen.
Sendagileak bat egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko koordinatzailearekin, eta gripeaz gain beste birus batzuek ere eragin zutela adierazi du: «Gripearekin batera, edo, beharbada, horren itzalean, beste birus mota batzuk zabaldu dira, eta hainbat gaixori kalte egin diete».Lobo Beristainen ustetan, denboraldion gertatutakoa ikusi ondoren, auzitan jarri beharko litzateke gripearen kontrako txertoaren eraginkortasuna. «Datozen denboraldiei begira, txertoak ez du saihestuko arazo handiak izatea arnas apartuaren eritasun larrietan. Birus sintzitiala dela edo beste birusen bat dela, neurriak indarrean ezarri ezean, arazoa askoz ere handiagoa izango da pneumologook artatu dezakeguna baino».Datuak gogoan hartuta (65 urtetik gorako biztanleriaren gorakada eta arnas aparatuaren gaixotasun larriak jasaten dituztenen tasa handia), datozen urteetan, txertaketa kanpainarik «onenak» eginda ere, «arazo handien olatua» berriro ere pairatzea oso litekeena dela gaineratu du.
«Ebakuntza asko», bertan behera utzita
Osasun arloan diharduten sendagileen ahaleginari esker, sorospen maila «balekoa» izan zela uste du, nahiz eta tartean Osakidetzako langileen greba izan zen. Nolanahi ere, sistemak «gainezka» egin izanak oso ondorio okerrak izan zituela aitortu du. Esate baterako, «ebakuntza asko eta asko» bertan behera utzi behar izan zituztela eta «ehunka gaixo» kanpo kontsultetan artatu ahal izan gabe geratu zirela.
«Zer langileria beharko dugun planifikatu behar dugu aldez aurretik», dio Lobo Beristainek. «Arnas aparatuaren arazo larrien hazkundearen eraginez baldintza kaskarretan lan egin behar izatera itxaron gabe, horrek gaixoaren osasunean dakarren arriskuarekin. Haren iritziz, «ezinbestekoa» da honelako kasuetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «baliabide nahikoak» jartzea.Sendagileak dio pneumologoek uste dutela arazo larrien urteroko gorakadak ez duela zertan «ebakuntza kirurgikoen erritmoa mantsotu behar izatea» ekarriko.
OSASUNA
«Osasun zerbitzuek gainezka egin zuten»
Arnas Aparatuaren Eritasunei buruzko Elkarteko Jose Luis Lobok esan du txertoak txerto jende ugari gaixotu dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu