Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguezek eta Geroa Baiko legebiltzarkide Koldo Martinezek gezurtatu egin dituzte UPNk atzo emandako datuak. Sergio Sayas UPNko parlamentariaren esanetan, Osasunbideko gaixoek aurkeztutako kexen hazkundea «kezkagarria» da: iaz baino 1.820 kexa eta erreklamazio gehiago.
Dominguezen esanetan, ordea, kalkulu okerrak egin dituzte erregionalistek: «Ez dut polemikan murgiltzeko asmorik, baina datu horiek ez dira zuzenak. Zaku berean sartu dituzte kexak, iradokizunak, dokumentazio eskaerak eta baita esker ona adierazteko mezuak ere», adierazi du, kazetariek eginiko galdera bati erantzunez.
Osasunbideko erabiltzaileen iritzia ezagutzeko hainbat inkestatan 150.000 euro gastatu izana ere kritikatu zuen Sayasek, baina kontseilariak berretsi du hori dela jarraitu beharreko bidea. «Inkestak egiten segituko dugu, jakina, ezinbestekoa baita gauzak ongi ala gaizki egiten diren ezagutzeko. Orain arte, Nafarroa zen inkestak egiten ez zituen erkidego bakarrenetako bat, eta aurreko gobernuen utzikeria islatzen du horrek, ez baitzuten interes handirik gaixoek pentsatzen zutena ezagutzeko».
Koldo Martinezek ere «tamalgarritzat» jo du UPNren «manipulazio saioa». Geroa Baio legebiltzarkidearen aburuz, erregionalistek «Osasunbideko errealitatea faltsutu egin nahi izan dute, beste behin», UPNk kexa gisa sailkatu zituenen artean zeudelako dokumentazio eskaerak edota bestelako tramiteak. Besteak beste, familia medikua ala pediatra aldatzeko eskaerak edota historia klinikoa jasotzeko eskaerak "erreklamazio" edo "salaketa" gisa aurkeztu zituen Sergio Sayasek, gobernua kritikatzeko.