Osasun ziurtagiria Ipar Euskal Herrian: zalantzak eta erantzunak

Gaurtik aurrera, eguneroko hainbat egoeratarako beharrezkoa izango da COVID ziurtagiria. Osasun langileek derrigorrez hartu beharko dute txertoa.

Herritar bat osasun ziurtagiria erakusten. CHRISTOPHE PETIT TESSON/EFE
jone arruabarrena
2021eko abuztuaren 9a
12:10
Entzun

Gaur sartu da indarrean Ipar Euskal Herrian COVID ziurtagiria. Ekainaz geroztik ekitaldi jendetsuetara sartzeko zen beharrezkoa, baina orain beste eremu askotara zabaldu da, eta esan daiteke eguneroko bizitzarako ere ezinbestekoa izango dela.

Nola lortu dezaket ziurtagiria?

Ziurtagiria lortzeko, baldintza hauetarikoren bat betetzea derrigorra izango da: Koronabirusaren aurkako txerto guztiak jasota izatea, duela sei hilabete baino gutxiagoko epean birusa gainditu dela egiaztatzen duen QR kodea izatea, edo, bestela, test diagnostiko bateko emaiza negatiboa izan dela egiaztatzen duen mota bereko kodearen jabe izatea.

Proba negatibo hori azken 72 ordutakoa izan beharko da, eta PCR probak zein antigenoak baliogarriak izango dira. Horrez gain, farmazian erositakoa ere egin ahal izango da, baina hori bai, beti ere «osasun profesional batek gainbegiratuta» egin beharko da proba hori.

Zertarako beharko da ziurtagiria?

- Taberna eta jatetxeetara sartzeko, eta baita terrazetan egoteko ere.

- Kirol instalazioetara eta merkataritza guneetara sartzeko. Hala ere, Pirinio Atlantikoetako Eric Spitz prefetak zehaztu du departamenduan ez dela beharrezkoa izanen merkataritza guneetara sartzeko. Izan ere, prefetaren esku dago zenbait gunetarako sarbidea mugatzea. Ipar Euskal Herrian, beraz, oraingoz ez da beharrezkoa izanen merkataritza guneetan ziurtagiria erakustea.

- 50 pertsona baino gehiago biltzen dituzten kultur guneetara sartzeko.

- Hotel, kanpin edo ostatuetan aterpe hartzeko.

- Ibilbide luzeko trenetan bidaiatzeko.

- Herrialde barruko hegaldiak hartzeko.

- Adinekoen egoitzetan sartzeko.

- Osasun zentroetan eta ospitaleetan larrialdiak ez diren gauzengatik artatuak izateko.

Medikuarengana joateko ere ziurtagiria beharko da orduan?

Familia medikuarengana joateko ez da beharrezkoa izango, baina bai ospitaleetan artatuak izateko. Hala ere, Frantziak iragarri du horrek «inolaz ere» ezingo duela galarazi larrialdi egoeretan pazienteak modu egokian artatzea.

Eta osasun langileekin, zer gertatu da azkenean?

Eztabaida iturri izan da osasun langileen txertaketa zein pertsona zaurgarriekin lan egiten dutenen txertaketa. Azkenean, Frantziako Gobernuak zehaztu du txertoa derrigorrez jarri beharko dutela, eta horretarako azken eguna ere zehaztu du: irailaren 15a. Beharginek ez badute agindutakoa betetzen, lanik edo soldatarik gabe gera daitezkeela iragarri du gobernuak, baina, hala ere, ezin izango dira arrazoi horregatik kaleratuak izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.