Osasun ziurtagiriaren erabilera abuztuaren 9tik aurrera orokortu nahi du Parisek

Hilaren 5ean Konstituzio Kontseiluak legearen gaineko ebazpena emango duela esan du Frantziako Gobernuko Gabriel Attalek, eta ondoren sartuko dutela indarrean

arantxa iraola
2021eko uztailaren 28a
16:55
Entzun

Frantziako Gobernuak esana zuen hilaren hasieratik egongo zela indarrean osasun ziurtagiriaren erabilera toki publikoetan orokortzera egingo duen legea. Gaur zehaztu dute abuztuaren 9aren nahi dutela indarrean. Frantziako Gobernuko eledun Gabriel Attalek zehaztu du behin hilaren 5ean Konstituzio Kontseiluak legearen gaineko ebazpena emanda, legea indarrean jartzera egingo dela.

Lege horrekin, garraiobideetan, jatetxeetan eta beste espazio publiko hainbatetan sartzeko ezinbestekoa izango da osasun ziurtagiria aurkeztea, eta horren bidez erakustea COVID-19a kutsatzeko arriskurik ez dagoela. Hiru bide izango dituzte herritarrek hori erakusteko: txertaketa, gaitza igaro berri duela erakustea, edo test negatibo bat.

Lehengo astean eman zioten argi berdea testuari Frantziako Asanblea Nazionalean. Attalek gaur lege honen gaineko argibideak eman ditu gobernuaren azken ministro kontseiluaren ostean, oporrak hartuko baitituzte. Onartu du, hala ere, adi jarraitu beharko dutela, izurriaren eboluzioa erakusten duten datuei begira, eta esan du artaz jarraituko dutela, baita ere, zer-nola ezartzen ari den osasun ziurtagiria eskatzen hasteko prozesua.

Frantziak ziurtagiriaren aldeko hautua egin du, eta beste zenbait administraziok ere bide hori bera urratu dute. Galiziako agintariek, adibidez, bide hori hasi dute. Espainiako Gobernuak deituta, gaur autonomia erkidegoetako osasun agintariek bilera izango dute, eta hizpide izango duten gaietako bat izango da osasun ziurtagiria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.