OSASUNA. Andreetan ugaritu egin da minbizia, gero eta gehiago erretzen dutelako

Prebentzio programei eta tratamentu berriei esker, behera egin du heriotza tasak, eta igo egin da gaixo minbizidunen bizi-itxaropena

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diagnostikatutako minbizi kasuek gora egin dute, 1986an zenbatzen hasi zirenetik. Urte hartan 6.843 gizon-emakumeri aurkitu zieten minbizia; 2006an, berriz, 11.149 izan ziren. Hala,diagnostikatzen diren minbizi kasuen kopurua ia bikoiztu egin da bi hamarkada hauetan.

Gizonezkoen artean, 1989tik 2004ra bitartean, urterik urtera %1,4 igo zen diagnostikatutako kasuen kopurua. Andreei dagokienez, ostera, %2,4ko igoera izan da 1988tik 1998ra. Hala ere, bada albiste onik: heriotza tasak %0,8 egin du behera urtetik urtera, denbora tarte berean. Horiek dira Euskadiko Minbiziaren Erregistroak sortu zenetik jaso dituen daturik esanguratsuenak. Atzo aurkeztu zituzten, erregistroaren 25. urteurrenaren harira antolatutako jardunaldietan. Minbizi kasuen gehitzea bi faktorek eragin dute, Jose Asua Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ezagutzaren Kudeaketa eta Ebaluazio Arloko zuzendariaren hitzetan.

Gehienbat, tabakismoari egotzi dio errua. «Tabakoa da minbizi sortzaile nagusietako bat. Gizonezkoek betidanik asko erre dute, eta duela bi hamarkada hasi ziren ohitura horrek eragindako minbizi kasuak agertzen. Azken urteetan, baina, emakumeak ere konpultsiboki erretzen hasi dira».Hala, nahiz eta oraindik ez diren gizonezkoen mailara iritsi, emakumezkoen artean biriketako minbiziak izan duen igoera sekulakoa izan da: 1996tik 2006ra bitartean hirukoiztu egin dira diagnostikatu diren kasuak. «Eta geroz eta gehiago izango dira, erretzeari uzten ez badiote».

Administrazio publikoetatikegiten diren prebentzio kanpainen beharra azpimarratu zuen. Baina, gobernuek esandakoak esan, azken erabakia herritarrena dela onartu zuen. Erregistroari esker Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak Europako beste herrialde batzuetakoekin alderatu ahal izan dituztela azaldu zuen. Tabakoak eragindako biriketako minbiziari dagokionez, bada, Europako bataz bestekoaren gainetik daude hiru herrialdeak.

Prebentzioaren garrantzia

Populazioaren zahartzeak ere eragin du minbizidunak ugarituizana. Adindunen taldea handitu da, eta multzo horri erasotzen dio minbiziak gehien. Baina, beste alde batetik, prebentzio kanpainek ere ekarri dute kasu gehiago zenbatu izana, eta hori oso datu pozgarria dela azaldu zuen Asuak: «Gaixotasuna berez diagnostikatuko litzatekeena baino 5 edo 10 urte lehenago diagnostikatzen da hala, eta tratamentua garaiz hasteko astia dago». Hortaz, diagnostikatutako kasuek gora egin duten arren, minbizidunen bizi- itxaropenak ere gora egin du.

Horiek hala, prebentzioaren garrantzia azpimarratu zuen Asuak. Baina ez bakarrik aurrez diagnostikatzeko egiten diren probei dagokiena. Azaleko minbiziaren adibidea jarri zuen horretarako. «Eguzkipean gaudenean hartu beharreko neurriak hartzearekin, kontuz ibilita, asko egin daiteke.Denok dakigu hori. Hala ere, azaleko minbizi kasuak gora eta gora ari dira».

Asuaren esanetan, erregistroari esker eskuratutako datuek minbiziari aurre egiteko politikak garatzen lagundu diote Eusko Jaurlaritzari. Horri esker, eta batez ere tratamentuak asko hobetu direlako, heriotza tasak behera egin du. 100 mila herritarreko taldean 282 gizon hiltzetik 245 hiltzera igaro da; eta 122 emakume hiltzetik 101 hiltzera.

Diagnositik bost urtera

Gizonezkoen artean biriketako minbizia da heriotza tasa handiena eragiten duena. Izan ere, minbiziagatik hiltzen diren gizonen %25ek minbizi hori izan dute. Gertutik jarraitzen diote koloneko tumoreek eragindako heriotzek, eta prostatako minbiziak eragindakoek. Andrazkoen artean,berriz, bularrekoa, kolonekoa eta biriketakoa dira heriotza tasa handiena eragiten dutenak. Bi sexuak elkarrekin neurtuz gero, bost heriotzatik bat biriketako minbiziak eragiten du, eta hamarretik bat koloneko minbiziak.

Heriotza tasa jaitsi izanak, gainera, bizi-itxaropena handitzea dakar. Kalkulatzeko diagnostikoa egin osteko bost urteak hartzen dira kontuan. Alegia, gaixotasuna aurkitu denetik bost urtera bizirik jarraitzen duten edo ez. Zenbaketa hori ez dago datu zaharragoekin alderatzerik. 2006an, bada, minbizidunen %54,1ek bizirik jarraitzen zuten gaixotu eta bost urtera. Gizonezkoen kasuan igoera nabarmenena prostatako minbizia dutenen artean gertatu da: %47,1 gehiagok irauten dute bizirik orain. Emakumeetan, berriz, %19,5 igo da bularreko minbizia dutenen bizi- itxaropena.



5.600

EAEn amniozentesiek izan duten beherakada. Osakidetzak iaz jarri zuen martxan umekiak Downen sindromea edo bestelako arazoren bat duen atzemateko proba berria. Ordutik 5.600 amniozentesi gutxiago egin direla jakinarazi du Osakidetzak.





Historia kliniko elektronikoa datorren urtetik aurrera

Osakidetzak datorren urtetik aurrera jarriko du martxan gaixoen historia kliniko elektronikoa. Historia kliniko hori Osakidetzako erietxe eta osasun etxeetako 20.000 ordenagailuetan kontsultatu ahal izango da. Txagorritxuko erietxean garatzen ari dira historia kliniko elektronikoa, eta helburua pixkanaka zabaltzen joatea da. «Arreta onena eskaintzeko, oso garrantzitsua da une oro gaixoaren inguruko informazioa eskura izatea. Honek horretan lagunduko digu», adierazi zuen atzo Rafel Sanchez Bernalek, Txagorritxuko zuzendari medikoak. Sanchez Bernalek, halere, uste du teknologia berriek ezin dutela bazterrean utzi gaixoen eta osasuneko profesionalen arteko komunikazioa.





«Erabat sendatu ez arren, harekin bizi daitekeen gaixotasuna da gaur egun minbizia»

ISABEL IZARZUGAZA
Jaurlaritzako Osasun Erregistro eta Informazio zerbitzua




187.972

Minbizi kasuak. Euskadiko Minbiziaren Erregistroa sortu zenetik, 2006ra bitartean, 187.972 minbizikasu zenbatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kasu bat zenbatzeko, gaixoa sendatu edo hil egin behar izan da, eta ondoren haren mediku historiala aztertzen dute.





Grebari eusten diote Bizkaiko etengabeko arreta guneetan

Bizkaiko etengabeko arreta guneetako langileek grebari euste diote. Lehengo asteburuanbezala, hurrengo aste osoan grebara deitu dute. Osakidetzak larunbatetan hainbat osasun etxe itxi izanak, beren lan baldintzak okertu dituela salatu nahi dute. Egoera aldatu ezean abenduan beste hiru greba egingo dituzte.





Ahoko minbiziari buruzko jardunaldiak EHUn

Leioako campuseko Zientzien fakultatean ahoko minbizia diagnostikatu zein sendatzeko agertu diren azken teknikak ezagutzen ari dira, atzo eta gaur. Hego Ameriketatik, Australiatik eta Europatik etorri dira adituak. 20 ikerketa aurkeztuko dira bi egunotan, eta 12 saio praktiko egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.