Gehienetan etsia ematen zaie bizkarrezur muinean min hartu dutenei. «Ospitalean sartzen zarenetik, denek konbentzitzen zaituzte bukatu dela, akabo», Salbidek dioenez. Pixkanaka okertzea beste aukerarik ez dutela esan ohi zaie. Baina Mugarzak, Munduatek eta Salbidek beste bide bat aurkitu dute Lisboan (Portugal), Antonio Reis sendagilearen ebakuntza gelan. Itxaropenez beteta daude hirurak eta haien senideak. «Ez dugu inoiz etsiko», ohartarazi du Munduatek.
Salbidek «abentura» esaten dio Reis sendagilearengana joateko erabakiari. Reisek bizkarrezurra ireki eta goitik behera garbitzen du bizkarrezur muinaren hodia, kisteak, hezur puskak eta trabak kenduz. Ebakuntzaren helburua garuna eta gorputzaren arteko zubia berregitea da, likido zefalorrakideoaren (LZR) jarioa berreskuratzeko. Hortik aurrera, denborak osatuko du bizkarrezur muina, eta gaixoak galduta zituen hainbat sentipen berreskuratuko ditu. Hori defendatzen du Reis sendagileak.
Aldekoak eta kontrakoak bildu ditu Reisen teoriak. Oraingoz, hura da mundu osoan ebakuntza kirurgiko hori egiten duen bakarra. Eta ez da merkea. 30.000 eurotik gora kobratzen ditu ebakuntza bakoitzeko, baina arriskua ere tamainakoa da. Baldintzak onartu, norbere poltsikotik dirua jarri eta ebakuntza egitea erabaki zuten Mugarzak, Munduatek eta Salbidek. Ez dira damutu.
Miraririk ez
Salbideren emaztea, Konsuelo Baile, eta Munduaterena, Marga Aparicio, pozik daude ebakuntzaren emaitzarekin. «Hau da nik duela 10 urte ezagutu nuen Patxi Salbide», dio Bailek. Bi urte igaro dira Salbidek ebakuntza egin zuenetik, eta, lauzpabost urtean, ibiltzeko gai izango dela esan dio Reis medikuak. Salbidek hotz eusten dio buruari, dena den: «Ez gara mirariez ari, ez dugu esaten 'altxa eta ibili'; mina arindu eta bideak bilatzeaz ari gara». Aurrerapen txikiak egunetik egunera nabaritu ditu, ordea: «Zortzi urte egon naiz antidepresiboak hartzen; ebakuntzaz geroztik, ez ditut gehiago hartu».
Munduatek eta Mugarzak ere utzi egin dituzte depresioaren kontrako botikak. Ebakuntzaren ostean, aldi baterako gurpil aulkian eserita egongo zela abisatu zioten Mugarzari, orain urtebete. Ez zuen zalantzarik izan, hala ere: «Azkeneko 25 urtean izan ez ditudan sentipenak ari naiz berreskuratzen; ez daukat dudarik edo damurik batere». Orain gutxi, berriro hasi da makuluen laguntzarekin ibiltzen.
Osakidetzatik Toledoko (Espainia) Paraplegikoen Ospitalera edo Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Guttman Institutura bideratzen dituzte bizkarrezur muinean min hartu dutenak. Salbidek ez du iritzi onik zentro horiei buruz: «Paralitiko fabrikak dira». «Ni hilda etorri nintzen Bartzelonako Guttman institututik», adierazi du Munduatek. «Hona itzuli ginenean, Zainketa Intentsiboetako Unitatean sartzea eskaini ziguten». Munduateren emazteak ez zuen nahi, ordea, eta Reis medikuarengana jo zuen. Munduate eskuekin jateko gai da egun, ahotsa berreskuratu du, baita arnasa hartzeko edo komunera joateko ahalmenak ere.
«Ebakuntza eta gero aldaketa itzela egin du hobera», Munduateren emazteak dioenez. Bertako medikuek ez diote hobekuntzarik onartzen, ordea. Mugarza ere egon zen mediku batekin, ebakuntza eta gero: «Eskatu genion txostena egiteko. 'Ezta pentsatu ere', erantzun zigun, ez zigula egingo, mediku horrekin ez dagoelako esperientzia nahikorik haren teoriak onartzeko».
Osakidetzari eskean
Osakidetzak, bizkarrezur muina kaltetuta dutenei, Lisboara joateko aukera ere aurkeztu beharko liekeela uste dute. «Ireki dezatela burua», eskatu du Salbideren emazteak. Tratamendu berezia eskaintzen dien zentrorik ez dagoela gaitzetsi dute hiru lagunek. Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitalean dagoen bizkarrezur muineko lesioen unitatean borondate onez lan egiten den arren, ez dute uste nahikoa denik.
Ez da ebakuntza bakarrik. Reis sendagilearen laguntzaile gisa aritzen den Graça Mendes fisioterapeutak egiten duen errehabilitazioa ere berezia da. «Beste dimentsio batean ari da, ezberdina da: ez du giharrak sendotzeko lan egiten», azaldu du Mugarzak. Mendesen irakaspenak ikasiak dauzka Mugarzak: «Ondo daukazun atala indartzen baduzu, aldea gero eta handiagoa egiten da gaizki dauzkazun atalekin; egin behar da txarto dauden atalak landu». Salbideren esanetan, barrutik estimulatu behar da bizkarrezur muina: «Toledon eta Guttmanen tetraplegikoak pesak egiten aritzen dira; erotuta daude!».
Sei euskal herritar igaro dira, gutxienez, Reis medikuaren ebakuntza gelatik. Beste euskal herritar bat errehabilitazioa egiten ari da Graça Mendes fisioterapeutarekin. Salbidek laburtu ditu Lisboan ebakuntza egin duten lagunen eskakizunak zein diren: «Ez genuke nahi, biharko egunean, euskal herritarrak atzerrira joan behar izatea ebakuntzak egitera, hemen bertan bideak bilatzeko aukera izanik».
Ez genuke nahi, biharko egunean, euskal herritarrak atzerrira joan behar izatea ebakuntzak egitera»
Patxi Salbide
Bizkarrezur muinean min hartutakoa
60
Osakidetzak urtero zenbatzen dituen bizkarrezur muineko lesio berriak. Osakidetzak, batez beste, bizkarrezur muinean min hartutako 60 kasu berri zenbatzen ditu urtero. Ezinezkoa da, hala ere, Euskal Herrian bizkarrezur muineko lesioa zenbat jendek duen zehazki jakitea.Patxi Salbideren esperientzia azaltzen duen dokumentala
Iago Serranok eta Jon Cortegosok La llamada de Clara izeneko dokumentala grabatzen amaitu zuten iaz. Serranok eta Cortegosok Patxi Salbideren ebakuntza eta hurrengo hilabeteetako errehabilitazioa jarraitu dute dokumentalean. Rec etxeak eta EITBk ekoitzi dute lana.Tximinoekin eta arratoiekin egindako esperimentuak
Bizkarrezur muineko lesioen ikertzaileak elkartu ziren orain bi aste Madrilen (Espainia), eta urtebetean tratamendu berriak sortuko diren itxaropena agertu zuten. Tximinoekin eta arratoiekin hainbat esperimentu egiten ari dira eta, erabat osatu ez badira ere, aurrerapen handiak izan dituztela jakinarazi dute.Bizkarrezur muineko lesioei lotutako arazoak aztertuko dituzte Bilbon
M. P.Gaur hasi eta hiru egunez, bizkarrezur muineko lesioetan adituak diren Espainiako eta Hego Euskal Herriko erizainak eta medikuak elkartuko dira Bilbon. Bizkarrezur Muineko Lesioetan Espezializatutako Erizainen Espainiako Elkarteak (ASELME) eta Espainiako Paraplegia Elkarteak (SEP) antolatzen dute, urtero, ekitaldia. Medikuek hogeitabosgarren kongresua izango dute aurtengoa; erizainek hamalaugarrena. 1999an ere Bilbon antolatu zen kongresua. Aurtengo saioa aspaldiko jendetsuena izango da. Normalean, 200 bat lagun elkartzen dira; eta, aurten, 260 lagunetik gora daude izena emanda.
Kongresu bakoitzean, hurrengo urterako gaiak proposatu eta erabaki ohi dituzte mediku eta erizainek. Iaz erabakitakoaren arabera, hiru gai nagusi jorratuko dituzte aurten: pazienteen historia klinikoa, bizkarreko ornoen mielopatia eta zahartzaroaren patologiak.
Antolatzaileen esanetan, bizkarrezur muinean kalteak dituzten lagunak gero eta urte gehiagoz bizi dira. Ondorioz, orain arte haientzat ezezagunak ziren patologiak pairatzen hasi dira azken urteetan. Arazo berri horiei arreta emango diete aurten.
Maria Luisa Jauregi Gurutzetako ospitaleko bizkarrezur muineko lesioen unitateko koordinatzailea
«Ez dago gaixoak sendatzeko ildoak baztertzen dituen osasun zerbitzurik»
M. P.Maria Luisa Jauregi Espainiako Paraplegia Elkarteko (SEP) lehendakaria da 2006az geroztik, eta Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitaleko bizkarrezur muinean min hartutakoen unitatea koordinatzen du. 1980az geroztik, arlo horretan ari da lanean.
Zer tratamendu jasotzen dute bizkarrezur muinean min hartu dutenek?
Lesioak okerrera egin ez dezan, arrazoien diagnostikoa behar da lehenik. Lesioaren fase okerrenean zailtasunak sortzea saihestuko duten neurriak hartzen dira lehen unetik. Ahalik eta funtzionaltasun eta autonomia gehien lortzea bilatzen da, lesioak uzten duen eta posible den neurrian.
Gogorra izan behar du norbaiti gurpil aulkian eserita gelditu behar duela esatea. Ez da beste aukerarik?
Oso gogorra da. Mezuak errealista izan behar du, baina ezin du katastrofikoa izan. Hala ere, hainbat ikerketa lerro daude, itxaropena sortzen digutenak. Zelula amekin egiten den lanaz aparte, nabarmenduko nuke bizkarrezur muinean usaimen erraboilaren zelulak sartzeko proba. Beste teknika batzuk ere ari dira sortzen, pertsonekin erabili ez diren arren. Uste dut ez dagoela urrun emaitzak lortuko diren eguna.
Tetraplegiko eta paraplegikoen zentroak kritikatu ohi dira, ez dutela errehabilitaziorako balio...
Uste dut iritzi hori ez zaiola egungo egoerari egokitzen. Lehenbailehen bere inguruarekin harremanetan sar daitezen eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin berriz integra daitezen saiatzen dira zentro edo unitate horietan. Gaur egun, unibertsitatean, lantokian... bizitza garatzen saiatzen ari diren asko aurkitzen ditugu.
Errehabilitazioari dagokionez, nola lan egiten da bizkarrezur muina min hartuta duten pertsonekin?
Hasieran funtsezkoa da lesioa oker dezaketen mugimenduak saihestea. Istripuaren lekutik jasotzen dituztenetik, bizkarrezur muinaren kalte lokalak gelditzeko eta egonkortze hemodinamikoa lortzeko tratamenduak egiten dira. Gero, arnasketa, azala, giharrak eta artikulazioa zaintzen dira, eta neurri profilaktikoak hartzen dira, betiere, ahalik eta funtzionaltasun eta autonomia gehien lortzeko asmoarekin.
Errehabiltazio fisikoaz aparteko beste aukerarik bada?
Errehabilitazioa kaltetutako ataletan eta kaltetu gabekoetan egiten da. Kaltetu gabe dagoen atala indartzen da, pazienteak bere borondatez landu dezakeelako, baina beti aholkatzen da atal kaltetuen mantenimendua egitea.
Nola baloratzen dituzue Antonio Reis sendagilearen teoriak?
Aldian-aldian sintomen hobekuntza bilatzen duten tratamenduak agertzen dira. Lesioaren hasieran, guk hemen egiten ditugun kirurgiatan, bizkarrezur muina inguratzen duen gunea askatzen saiatzen gara; kanala traba dezaketen hondakinak garbitzen ditugu, eta haustura egonkortzen dugu, traumatismoak sor dezakeen lesioa ez handitzeko. Garbitu egiten dugu bizkarrezur muinaren ingurua.
Beraz, ez dut uste Reis sendagilearen tratamendua sintomalogian aldaketak emateko nahikoa denik, kasu berezietan izan ezik. Ezin dugu ahaztu, bestalde, kirurgia orok traumatismo gehigarria dakarkiola min hartutako lekuari. Argi dago lesionatutako gunean egin behar dela interbentzioa, ez haren inguruan.
Bestalde, ez dago gaixoak sendatzeko ildoak baztertzen dituen osasun zerbitzurik. Oro har, kolektibo gaztea da, biztanleria orokorraren batez besteko bizi itxaropenaren antzekoa duena, eta horrek baliabideen kontsumo handia dakar. Tratamendu sendagarririk balego, zalantzarik gabe, leku horretara desbideratuko lirateke.