Osakidetzaren asteburuetako osasun arreta berregituratzeko plana berriro aztertzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari, «batik bat gaixoen eta osasun profesionalen artean kezka gehien sortu dituzten neurriak». Alderdi guztiek bozkatu zuten atzo proposamenaren alde, baita PSE-EEk ere. Eskari bera egin zuen ekaineanLegebiltzarrak. Orduan PSE-EEk aurka bozkatu zuen.
Ekainaren 19tiklarunbateta jai egunetan osasun etxeen erdia ixtea erabaki zuen Osasun Sailak, eta baita ere etengabeko harretako guneak berregituratzea. Horrek kezka eta haserrea sortu zuen erabiltzaile eta osasun profesionalen artean. Horren karietara egin dute eskaria.
EAJko parlamentari Nerea Antiak Jaurlaritzak erabakiak hartzeko duen modua salatu du.«Berregituraketa plana aurkeztu zutenean, hartua zuten indarrean jartzeko erabakia. Komunikabideetara egindako filtrazioen bidez ematen dituzte informazioak, parlamentua eta erabiltzaileak bazter utzita». Antiak plana kritikatu du. «Erabiltzaileentzat oinarrizkoak diren osasun zerbitzu batzuk murriztu dira, eta horrek esan nahi du arreta gutxitu dela. Errazena aurreko kudeatzaileei errua botatzea da, pediatren gabeziarekin egin duzuen bezala. Baina horren erruduna Espainiako Gobernua da. Haiei zegokien pediatrentzat egoiliar postu gehiago eskaintzea».
Legebiltzarraren aginduak ez betetzea egotzi diote Jaurlaritzari Aralarreko Dani Maeztuk eta EBko Mikel Aranak. «Hartu dituzten neurriak murriztaileak dira, eta berregituraketaren ondorioak kezkatzeko modukoak dira», iritzi dio Maeztuk.
EAko Juanjo Agirrezabalaren aburuz, PSE-EE errealitatea ukatzen ari da. «Argi dagoena da gatazka bat dagoela osasun etxeen itxieraren inguruan».
Larunbatetan hainbat osasun etxe ixteko erabakia ez zaio egokia iruditzen UPDko Gorka Maneirori. «Gainera, neurria ez dute behar bezala azaldu, eta haserrea sortu du erabiltzaile zein osasun profesionalen artean».
PSEko Blanca Roncalen arabera, lehen arretako osasun eskaintzaren berregituraketaren arazoa «EAJren garaitik» dator. «Asteburuetako gabeziak profesionalei zabor kontratuak eginez estaltzen zituzten». Jaurlaritzaren apustua zerbitzua homogenizatzea dela defendatu du Roncalek. Asteburuetan pediatria zerbitzuak kendu izanaren inguruan, berriz, murrizketarik ez dela izan adierazi du. «Aurreko aroan zerbitzuaren atean pediatra hitza jartzen zen, baina haurrak artatzen zituena lehen arretako mediku bat zen. Zer nahi du jendeak, gezurra esatea?».
Osakidetza «pozik»
Osakidetzako zuzendari Julian Perez Gilen arabera, asteburu eta jai egunetarako lehen arretako sarean egindako berregituraketaren emaitzak onak izaten ari dira. «Hartutako neurriak egokiak eta eraginkorrak izaten ari dira, eta erabiltzaileak oso pozik daude», adierazi zuen, atzo, Perezek.Lehen arretako guneetan neurriek izandako ondorioen berri eman du. «Jarduera lehengo berdina da. Aldaketa bakarra gaixoak sakabanatuago etorri direla izan da. Horren ondorioz, larunbat goizetan lehen baino apur bat gaixo gutxiago dituzte lehen arretako guneetan, eta larunbat arratsaldean nahiz igandetan zertxobait gehiago».
Perezen aburuz, hartutako neurriak «gastua arrazionalizatzeko eredu» dira. «Lehengo diru berdina gastatzen dugu eta, gainera, lehen arretako guneetan 73 profesional gehiago daude. Gainera, ez da ahaztu behar gauetan, asteburuetan eta jai egunetan indartu egin dugula etxeko harretako zerbitzua».
Hartutako neurrien ondorioz langileen lan ordutegietan aldaketak izan direla aitortu du Perezek. «Baina kasu bakoitza aztertzen ari gara, eragozpenak konpondu ahal izateko». Hala, langileekin hitz egiteko eta negoziatzeko prest daudela berretsi du.
OSASUNA. Larunbatetan osasun etxeak ixteko erabakia berraztertzeko eskatu dute
Asteburuetako osasun arreta berregituratzeko plan berria «eraginkorra» izaten ari dela dio Osakidetzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu