OSASUNA. Oinazea, askoren bizilaguna

Bizkarrezurrekoa eta junturetakoa minik ohikoenak dira Euskal Herriko biztanleen artean; milaka pertsonak nozitzen dituzte

AMAGOIA IBAN - DONOSTIA
2004ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Lagun minak, jakin-mina, ikusmina, herrimina, maitemina... hitzak ahotan darabiltzan herria Europako auzoak baino min gutxiagorekin bizi omen da. Hala dio min kronikoari buruzko lehendabiziko inkesta paneuroparrak, Mina Europan izenekoak. «Estatuka eman dituzte datuak, eta nabarmentzekoak diren datu solteak eman dituzte, tartean Euskal Autonomia Erkidegoan Europa osoko min kroniko tasa baxuena daukagula», adierazi du Maria Jesus Berro anestesiologoak, Bilboko Gurutzetako ospitaleko Min Unitatearen buruak. Inkesta horren arabera, EAEko ehun biztanletik 10ek min kronikoa daukate Europako batez bestekoa %19koa da. «Nafarroako daturik ez daukagu», argitu du Berrok. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoakoak ere ez. Frantziako eta Espainiako estatuetako tasak, berriz, %11 eta %15 dira.

Hala ere, datu bakar horrekin lehen baino gehiago dakigu minari buruz, adituek orain artean Ameriketako Estatu Batuetako inkestak erabiltzen zituztelako oinarri, Europako datuen faltan. Minak, gainera, normalean ez du tokirik izaten inkestetako galdetegietan.«Mina Europan inkestaren arabera, EAEn 18 urtetik gorako 210.000 herritar daude min kronikoarekin, eta esana dago bertan dagoela min kronikodunen tasarik baxuena. Min horrek bederatzi urte pasatxo irauten du, batez beste». Oso kezkatuta agertu da Berro. Min kronikoaren definizioa eman du datuen neurria ulertzeko: «Edozein izanik ere bere arrazoia, min kronikoa denboran irauten duena da. Inkestan, sei hilabetetik gorako minari deitu zaio kroniko. Min kronikoa ona edo txarra izan daiteke. Min ona, heriotza eragiten ez duten gaitzena da. Min txarra, minbiziak eta hiesak eragindakoa da, batez ere. Inkesta horretan min kroniko on ertainaren eta latzaren datuak bildu dituzte».Datuok garrantzi ikaragarria daukate anastesiologoaren ustez, baina inkestaren emaitzek errealitatea ez dutela islatzen uste du: «Ez datoz bat egunerokoan ikusten dugunarekin. Min kronikoarekin jende gehiago bizi da, baina askok mina onartu egiten dute, beren bizitzako zati moduan bizi dute, eta ez diote behar beste garrantzia ematen».Mina sentitzerakoan buruak,kulturak, erlijioak, iraganeko min esperientziek garrantzi handia daukatela erantsi du: «Ez dago zalantzarik norberaren izaerak ere eragin handia daukala. Jendea hemen itxia da, sentimenduak azaltzeko zailtasunak ditu, gogorra da, sufritzeko gaitasuna du, eta horregatik guztiagatik, agian, gutxiago agertzen du sentitzen duen mina, edo sufrimendua onartu egiten du, nolabait esateko. Horrek, jakina, ez du esan nahi gutxiago sufritzen duenik».

Min ohikoenak

Min Unitateetan gehien lantzen dituzten patologien sorburua, Berroren esanetan, bizkarrezurra da, «alde handiarekin gainera». Jendearen bizimoduak horretan zerikusirik baduela erantzun du, baina faktore asko daudela erantsi ere bai: «Ez mugitzeak kalte egin dezake, baina menditik laster batean jaisteak ere bai. Pisu asko altxatzen duen jendeak ere bizkarreko arazoak izan ohi ditu...». Mina agertzeko orduan, bizitzaren iraupena bizimodua bera baino are erabakiorragoa da anestesiologoaren aburuz. «Gorputzak, hezurdurak, giharreek, organoek gero eta urte gehiago eutsi behar dute. Zenbat eta gehiago bizi, minaren eragina handiagoa da, normala den bezala».

Horren lekuko zuzena izan da Berro, urteetako jardunean: «Ni hasi nintzenean, artatzen genuen jendearen %85k minbizia zuten, eta %15ek ez. Gaur egun, artatzen ditugunen %90ek ez dute min txarrik. Egoera erabat irauli da». Gaur egun, izan ere, lunbalgiak, belauneko artrosi arazoak eta aldakako artrosia tratatzen dituzte, batez ere: « Bizkarreko mina da ohikoena eta junturetakoa hurrena».

Erronkak

Aurrera begirako erronkei buruz galdetuta, egiteko «gauza asko» dagoela ihardetsi du Berrok: «Ni Minaren Espainiako Elkarteko eleduna naiz zonalde honetan, eta egia da minaren tratamendua gero eta gehiago eskatzen dela eta giza baliabide aldetik oso mugatuta jarraitzen dugula». Min Unitateak bultzatu behar direla azpimarratu du jarraian. «Ez dut esan nahi unitate gehiago sortu behar direnik, daudenak indartu egin behar direla baizik: baliabide gehiago behar dugu, eskaera gero eta handiagoa delako».

Heziketa ere ez omen da ahaztu beharreko lana. «Etengabeko heziketa behar dugu eta asko aldatzen ari da arlo hori, zorionez». Hala ere, jendeak sufritzen jarraitzen du, eta horiei «bizitzakalitatea» eskaintzea da Berroren lehentasuna. «Eskura ditugun tratamenduak behar baino gutxiago erabiltzen ditugu. Agian, karrera egiten dugunean inork ez gaituelako minean hezten, eta mina neurtzen eta tratatzen jakitea ez delako lan erraza».Minak bizitza aldatzen duela ikasi du berak, eta mina jasangarriago bilakatzea kasu gehienetan lor daitekeela. «Gaixoari lo egin, dutxatu eta pasierara irteteko aukera emateak balio handia dauka. Kontuan izan behar da askok ezin dutela gutxieneko bizitza normala egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.