Osasunbidea 'pixkanaka' itzuliko da ohiko lan jardunera

Oinarrizko arreta zerbitzuan telefono bidezko kontsultak indartuko dira, eta medikuak hala eskatuta bakarrik joan beharko da osasun etxera. Maskara erabiltzea ezinbertzekoa izango da kontsultategian. 

Nafarroako ospitale gunean pixkanaka joago dira ohiko kontsultak hartzen. JESUS DIGES, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko apirilaren 30a
13:20
Entzun

Azken hilabete eta erdian, bereziki koronabirusa artatzera mugatu da Osasunbidea, baina, hemendik aitzinera, pixkanaka bertzelako kontsultak egiten hasiko da, eta hori antolatzeko asmoen berri eman du gaur goizean Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak. Nabarmendu duenez, «pixkanakakoa» izango da itzulera, eta ezberdina izango Oinarrizko Arreta Zerbitzuan eta Nafarroako Ospitale Gunean. 

Manuel Carpintero Oinarrizko Arreta Zerbitzuko Gerenteak nabarmendu duenez, hiru pausotan itzuliko dira “normaltasunera” osasun zentroetan. Lehenengo fasean, maiatzaren 10etik ekainaren 30era, oinarrizko arreta zerbitzua indartuko dute, eta orain arte bertan behera utzitako kontsultak egiten hasiko dira. Bigarren fasean, oinarrizko arreta zerbitzua egokituko dute langileek oporrak hartu ditzaten baina, aldi berean, osasun zerbitzua eten ez dadin. Epe horretan, gainera, tokian tokiko planak garatuko dituzte osasun arreta egoera berrira ohitzeko. Hirugarren fasean, urriaren 1etik aitzinera, egoera epidemiologikoak uzten badu ohiko jardunera itzuliko dira, eta griperako txertaketa kanpaina hasiko dute. 

Carpinterok argi utzi du koronabirusak erabat aldatuko duela osasun zentroetako eguneroko jarduna. Hala, osasun etxean kontsulta hartzeko orduan, lehenengo telefono bidezko arreta eskainiko zaio pazienteari, eta osasungintzako profesionalak komenigarria dela uste badu bakarrik joango da kontsultara. Kontsultategian ezinbertzekoa izango da maskara erabiltzea, eta ahalik eta denbora gutxien eman beharko da bertan. Gainera, Carpinterok nabarmendu du ohiko kontsultak egiten hastean gaixotasun kronikoak dituztenek eta adinekoek izango dutela lehentasuna osasun etxera joateko.

Nafarroako Ospitale Gunean ere aldaketa eragin ditu koronabirusak. Hango gerente Alfredo Martinezek nabarmendu duenez, egun birusaren aitzineko kontsulten %30 egiten ari dira, denera hemezortzi espezialitatetan. Martinezek nabarmendu du asmoa dutela kontsulta kopuru hori pixkanaka handituz joateko, gaitzik larrienak dituzten gaixoak lehentasunezkotzat joz. 

Ohiko kontsulak itzultzeko orduan helburua argi dutela nabarmendu du Martinezek: «Pazienteen segurtasuna bermatzea». Erran du ospitaleak berrantolatzen ari direla horretarako, kontsulten arteko espazioa murriztuz eta itxaron gelak kenduz.

Hiru hildako eta 184 kutsatu 

Nafarroako osasun arloa egokitzeko planaren berri ez ezik, Nafarroako azken orduko egoeraren berri ere eman du kontseilariak. Azken orduetan bertze 184 kutsatu izan dira Nafarroan. Kutsatu horietatik 21 PCR testen bidez detektatu dituzte, eta bertze 163, test azkarren bidez. Indurainek nabarmendu du PCR bidez detektatutako kasu berrien kopurua bereziki igo ez izana; izan ere, egunero 400 proba egiten zituzten lehen Nafarroan, baina azken egunetan 1.400 proba egiten ari dira. 

Bertze hiru hildako erregistratu dituztela nabarmendu du Indurainek, eta horrek bat egiten duela azken egunetan heriotzetan izandako jaitsierarekin. Atzoko hamasei heriotzen inguruko azalpenak ere eman ditu kontseilariak. Haren hitzetan, atzo emandako heriotza kopurua ez da egun bati dagokiona. Kontaketa sisteman izandako arazo baten ondorioz hainbat egunetan izandako heriotzak atzo ezagutarazi zituztela erran du, eta horrek handitu zuela nabarmenki egun batean hildakoen kopurua. 

Indurainen hitzetan, azken egunetako datuek «esperantzarako» tartea ireki dute. Hala, bertze 21 sendagiri eman dituztela nabarmendu du, eta erantsi du ZIUetan paziente gutxiago daudela: egun, 40 pertsona daude ZIUetan, bezperan baino 3 gutxiago. Indurainek azaldu duenez,  bi ikerketa serologiko egiten ari dira Nafarroan birusa nola hedatu den jakiteko. Azken egunetan, osasungintzako 3.054 profesionali egin diete PCR testa, eta horietatik 527k eman dute positibo. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.