Osasunbidea gaur hasi da 18 eta 29 urte arteko herritarrei COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko ordua ematen. Carlos Artuondo Nafarroako Osasun zuzendariak jakinarazi du dagoeneko adin tarte horretan dauden herritar batzuk hartua dutela txertatzeko ordua. Bitartean, 30 eta 39 urte arteko herritarren txertaketarekin aurrera jarraitzen du gobernuak.
Bestetik, Nafarroako Gobernuak erabaki du AstraZeneca botika etxearen bigarren dosia hartzear duten 60 eta 67 urte arteko herritarrak aurreikusitakoa baino bi aste lehenago txertatzea. Adin tarte horretakoak lehenbailehen immunizatu nahi dituzte, COVID-19aren Delta aldaera azkar ari delako zabaltzen, Artuondok azaldu duenez. Osasun agintarien asmoa da 60 eta 67 urte arteko herritarrek pauta osoa hartua izatea uztaila amaierarako edo abuztu hasierarako.