Osasunbideak barne ikerketa bat dauka irekita, argitzeko ea osasun langileek komisioak kobratu dituzten osasun materiala erosteko orduan. Diario de Noticias egunkariak kaleratu du albistea, eta, horren arabera, Nafarroako Gobernuak ez du baztertzen zigor espediente bat irekitzea, jokabide irregularrak atzemanez gero. Berripaper hau Nafarroako Osasun Kontseilaritzarekin jarri da harremanetan, eta hango iturriek albistea baieztatu dute.
Paraleloki, epaitegi bat ari da eroskeria delitu bat ikertzen duela hilabete batzuetatik. Fiskaltzak eskatu zion, Javier Eneriz Nafarroako arartekoaren bidez egoerari buruzko mediku baten kexa bat jaso ondoren. Horren berri eduki zuenean erabaki zuen foru gobernuak barne ikerketa bat abiatzea. Nafarroako Gobernuko iturriek ez diote azken xehetasun hori baieztatu BERRIAri, baina adierazi diote «hainbat hilabete» daramatzatela ikerketarekin, eta «zenbait barne prozesuren» ondoren, «amaitzear» dela.
Diario de Noticias-ek kaleratutako informazioak dioenez, 2020 gertatu ziren ustezko delituak, baina pandemiaren aurretik. Enerizek jaso zuen salaketan mediku batek nabarmendu zuenez, bere lankide batzuk gertaera «oso larri batzuetan» zeuden nahastuta. Arartekoak berak salaketa hori jaso zuen 2020ari buruzko txostenean.
Medikuak salatu zuen, antza, enpresa batek eskaini zizkiela bere lankideei erosketa txartel batzuk, konpentsazio gisa, osasun material jakin bat erosiz gero. Salaketa jarri duen medikuak ez zuen aferan parte hartu nahi izan, eta bera baino goragokoei gertatzen ari zenaren berri eman zien, betiere Diario de Noticias-ek kaleratutako aintzat hartuta. Orduz geroztik errepresalien biktima izan dela salatu du arartekoarengana jo zuen medikuak, eta ohikoa zuen lanbidearekin zerikusirik ez duen jarduera batera «zokoratu» dutela.
Navarra Sumaren galderak
Arartekoak gertakarien berri eman zion fiskaltzari. Ministerio publikoak duela bi hilabete onartu zuen salaketa tramiterako, eta epaitegi baten esku utzi zuen auzia. Hori ikertzen ari da ea eroskeria deliturik egon ote den.
Enerizek berak auziaren berri eman du asteon, Nafarroako Parlamentuan. Horren ondoren, Navarra Sumaren talde parlamentarioak gobernuari egiteko galdera sorta bat erregistratu du, gertakariak «oso larriak» direla iritzita.