Nafarroako Kontu Ganberak jakinarazi du Osasunbideak klinika pribatuekin itunduta dauzkan zerbitzuen gastua bikoiztu egin dela lau urtean: 2005ean 12,5 milioi euro eman zizkien bost klinika pribaturi, eta 2009an 28,7 milioi euro. Nafarroako Unibertsitatea eta San Miguel klinikekin eta Centro Medicis, Quiron Ospitalea eta Alliance Medical enpresekin Osasunbideak 2008an eta 2009an egin zituen itunak aztertu ditu ganberak, eta gobernuari ohartarazi dio argudio argirik gabe itundu direla zerbitzu batzuk.
Gehiago esan du ganberak: osasun zerbitzu publikoari eutsi nahi bazaio klinika pribatuekin egindako hitzarmenak aztertzea beharrezkoa izango dela adierazi du. Funts publikoen kudeaketa hobetzeko, dirua aurrezteko eta «baliabide publikoen erabilera efizientea» egiteko, aholku batzuk eman ditu ganberak: zerbitzu bat itundu aurretik, aukerak aztertzea; Osasunbideko kostuak aztertzea, eta horretarako lantalde bat sortzea —erresonantzia magnetikoen kasua nabarmendu du, erdiak zentro pribatuetan egiten baitira, 2,4 milioi euroko kostuarekin—; emandako zerbitzuaren kalitatea neurtzeko adierazleak jartzea; eta gaixoak zerbitzu pribatuetara bideratzeari buruzko gastuen berri ematea.
Astebeteko epean bigarren aldiz, Nafarroako Kontu Ganberak kontuak argitzeko eskatu dio gobernuari. Urriaren 13an ohartarazi zionez, San Juan de Dios klinika pribatuarekin sinatutako itunak ez du justifikazio argirik. Osasunbideak ez ditu zehaztuak bere zerbitzuen kostuak; horrela, bezeroak zerbitzu publikoetara bideratzeko arrazoiak ezin direla argi jakin abisatu zuen kontu ganberak. Atzo beste txosten bat eman zuen argitara, ondorio berarekin.
Kontu ganberak atzo aurkeztutako txostenean 2008ko eta 2009ko itunpeko zerbitzuak eta haien kostuak aztertu dituzte. Ganberak dioenez, zentro pribatuekin hitzartutako tarifek ez dute azalpenik, eta tarifetan alde handiak daude zentro batetik bestera. Adibideak eman ditu ganberak, zerbitzu batzuen kostuak alderatuz. Zerbitzu publikoan 63,5 euroko kostua dute belauneko erresonantziek; Alliance Medicalen, 105 eurokoa; Nafarroako Unibertsitatea Klinikan, 398 eurokoa. Traumatologiako lehen kontsultako kostuak ere aztertu ditu: zerbitzu publikoan 40 euro baino merkeagoa da; San Miguel Klinikan, 114 euro kostatzen da; Nafarroako Unibertsitatean, 171 euro. Belaunean protesia jartzeko ebakuntzak: zentro publikoetan 3.500 eta 4.000 euro arteko kostua du, eta Nafarroako Unibertsitatean, berriz, 7.400 euro ingurukoa. Hemodialisiek 165 euroko kostua dute zerbitzu publikoan; ez da alderik klinikekin.
Marta Veraren erantzunak
Nafarroako Osasun Departamentuak eta txostenean aztertutako klinikek alegazioak aurkeztu dizkiote kontu ganberaren txostenari. Orobat, txosteneko datuak kalkulatzeko prozedurak zalantzan jarri dituzte. Marta Vera osasun kontseilariak, bestalde, azaldu du eriak zerbitzu pribatuetara bideratzen direla baliabide publikorik ez dagoenean eta itxaron zerrendak moztu behar direnean.
Gainera, zerbitzu jakin batzuk ez ditu eskaintzen Osasunbideak: ernaltze tratamentu, transplante eta diagnostiko proba batzuk, esaterako. 2009an, gobernuak 28,7 milioi euro eman zizkien klinika pribatuei, zerbitzu horiek emateagatik —Nafarroako Unibertsitateak jaso zuen dirutza horren %69, eta San Miguel klinikak %21—. Veraren hitzetan, itundutako jarduera «arrazoizkoa» da. Oroitarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun zerbitzuko aurrekontuaren %7,5 bideratzen dela zerbitzu pribatuetara, eta Nafarroan %5 izan zela 2009an.
Horrez gain, itunpeko zerbitzuei buruzko aurrekontuak ez direla egoki egin seinalatu du ganberak: 2008an, Osasunbideak aurrekontuan jarritakoa baino %20 gehiago gastatu zuen itunpeko zerbitzuetan; 2009an, aurrekontuetako kopurua baino %48 gehiago ordaindu zuen. Fakturazioak, orobat, ondo egin direla dioen arren, Alliance osasun etxearekin egindakoekin zalantza batzuk agertu ditu ganberak.
Kontu ganberak atzo aurkeztutako txostenean ez da agertzen Osasunbideak 2009an San Juan de Dios klinika pribatuarekin zuen hitzarmena —ganberak aurreko astean aurkeztu zuen itun horri buruzko txostena—. Nafarroako osasun zerbitzu publikoak 2009an egindako gastu guztia aintzat hartuz gero, osasuneko diru funts publikoen %5 joan ziren klinika pribatuetara —47,6 milioi euro, guztira—. San Juan de Dios eta Nafarroako Unibertsitatea klinikak izan ziren itundutako zerbitzuen onuradun handienak: Nafarroako osasun gastu publikoaren %2 inguru jaso zuen bakoitzak. Beste lau kliniken artean, osasun gastu publikoaren %1 jaso zuten 2009an. Klinika pribatuen itun gehienak lehiaketa publikorik gabe sinatu dira, horretarako aukera legezkoa izanik.
Aita Mennin, protestan
Beste klinika batean, berriz, lan gatazka bizian jarraitzen dute. Aita Menni klinikako enpresa komiteak salatu du zuzendaritza lan itunari buruzko negoziazioak apurtu nahian ari dela, langileen artean zatiketa sortzeko asmoz. Langileei gutuna bidali die zuzendaritzak, oraingo hitzarmena mantentzea proposatuz. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek osatzen dute enpresa komitea, eta hirurek deitu dute protestara, zuzendaritza enpresa komitearekin negoziatzera itzul dadin. Urriaren 27an eta azaroaren 3an, goizez, elkarretaratzeak egingo dituzte klinika aurrean.
Osasunbideak gastua bikoiztu du klinika pribatuekin eginiko itunetan
Osasun sistema publikoari eustekotan, zerbitzu pribatuekin egindako akordioak aztertzea beharrezko jo du kontu ganberakKlinika pribatuek 47,6 milioi euro jaso zuten 2009an, osasuneko gastuaren %5
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu