Osasunbideko diru ezartzea txikitu egin da urtetik urtera

Nahiz eta biztanle kopurua nabarmen igo den, osasun gastu txikiena duen erkidegoa da Nafarroa

Asier Azpilikueta.
2007ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Garai batean zuen dirdira galdu du Osasunbideak. Horixe salatu dute azkenaldian hainbat sindikatuk eta alderdik, nahiz eta Nafarroako Gobernuek behin eta berriz erraten duten Osasunbidea punta-puntako osasun zerbitzua dela. Zenbakiek, ordea, bertzerik diote. Punta-puntan ez, baizik eta azken postuetan ageri da Nafarroa zenbait kontutan.

Duela bi aste, osasun gastu publikoari buruzko txostena argitaratu zuen Espainiako Ekonomia eta Ogasun Ministerioak, 2005 arteko datuak biltzen dituena, erkidegoka. Garai batean, Nafarroa aitzindaria eta lehena izan zen osasun kontu anitzetan, baina, orain, oso urruti dago egoera horretatik.

Konparazio batera, nahiz eta Nafarroako datu ekonomikoak oso onak izan ohi diren, Nafarroa da osasungintzan diru gutxien ezartzen duen erkidegoa (%30ra ailegatzen ez den bakarra da). Ospitaletan ohe gutxiena eta lehen laguntzako mediku gutxiena duena ere bada. Eta hori hala da, nahiz eta 1999-2005 urteetan biztanle kopurua %10,7 eta Gizarte Segurantzako afiliatuen kopurua %21,8 handitu diren.

Datuak aztertuta, Nafarroako Ezker Batuak salatu du UPN eta CDN Osasunbidea «hondoratzen» ari direla. «Estatuan, urtetik urtera diru ezartzea handitu den bitartean, Nafarroan bere hartan gelditu da, eta zenbait urtetan, atzera egin du».

Maria Kutz Osasun kontseilaria parlamentura joan zenean, Nafarroa Baiko parlamentari Asun Fernandez Garaialdek erran zuen «adabakiak bertzerik ez» dituztela jarri Osasunbidearen «egoera hauskorra» konpontzeko. Aurrekontuetan osasungintzari ematen zaion ehunekoa jaitsi izana «kezkagarritzat» jo zuen. «Itxaron zerrendetako helburuetan atzeraka ari dira. 2003an 35 egunekoa zen helburua. Eta, aurten, 45 egunekoa da».

LAB sindikatua Osasunbidearen egoerari buruzko txostena egiten ari da. Txelui Moreno LABeko ordezkariaren hitzetan, Nafarroako Gobernua osasungintza pribatua bulkatzen ari da, diru publikoarekin. «Populazioa %10 handitzea asko da ospitaleak handitzen eta langile gehiago kontratatzen ez ibiltzeko. Pribatua egiten ari da. Zergatik? Eskaera handia dagoelako. Opusen klinika ikustea bertzerik ez dago; gero eta handiagoa da».

Bitartean, Osasunbideko egoera «kaskartzen» ari da. «Itxaron zerrendak hirukoizten ari dira. Eta larrialdi zerbitzuetako itxaronaldia gero eta luzeagoa da. Lehen, ordubetekoa zen, eta orain 4-5 ordukoa. Eta oso ohikoa da larrialdi zerbitzuetako pasabideak ohatilez beteta ikustea, nahikoa leku ez dagoelako. Gelak husteko zain baitaude».



OINARRIZKO LAGUNTZA, OKERREN. Azken urteetako egoeraren kaskartzea oinarrizko osasun laguntza zerbitzuetan ikusten da, hobekien, Morenoren aburuz. «Oinarrizko laguntza ezarri zenean, asmoa zen hortik prebentzioa lantzea, gaixotasunak etorri aurretik neurriak hartzea. Baina hain handia da eguneroko bisiten kopurua, prebentzio planak alboratu behar izan baitituzte. Medikuen gaixo kupoa gehiegizkoa da, eta ez dute denborarik gaixoak behar bezala artatzeko».

Morenok dio Nafarroako Gobernuak arazoa ikusi duela, baina konponbideak ez direla oraindik etorri. «Eta arazoa larriagotzen ari da. Baliabideak falta baitira. Izan ere, Nafarroako medikuak eta erizainak kanpora joaten ari dira, hemen ez dietelako kontratu egonkorrik ematen. Eta horiek uzten dituzten hutsuneak betetzeko laguntza langileak erabiltzen dituzte -eskubiderik ez duten eta milaka ordu sartzen dituzten langileak-. Eta, horretaz gainera, ordukako langileak kontratatzen dituzte. Edo goizeko funtzionarioei orduak egiteko kontratuak eskaintzen dizkiete».

Askotariko kasuak biltzen ari dira LABekoak, txostena egiteko. «Osasunbidea Nafarroako ABLErik handiena da, eta milaka kontratu prekario egiten ari da urtean. Adibidez, ordukako soldatak ordaintzen ditu, osasun etxerako bidea eta ogitartekoa ordaintzeko adina diru ematen ez dutenak. Eta zazpi orduko mediku baten ordezkapena betetzeko, bortz orduko kontratua egin izan dute. Eta hori guztia Nafarroan gertatzen ari da, agintarien ahotan 'osasun zerbitzurik onena duen erkidegoan'. Sinesgaitza da».

Udan, Nafarroako hainbat osasun etxe langilerik gabe gelditu zirela salatu du Morenok. «Izan ere, 100.000 biztanleko 47 mediku izatea oso gutxi da eta are gehiago Nafarroan leku batetik bertzera distantzia handiak daudela kontuan hartuta. Baina kontua da hemengo profesionalak alde egiten ari direla, hemen kolpeka tratatzen dituztelako».

Morenoren ustez, arazo guztien oinarrian diru ezartzeen eskasian dago. «Dirurik sartzen ez dutelako, larrialdi zerbitzuak kolapsatuta daude, familia medikuarengana joateko hiru egun behar dituzu, eta espezialistarengana joateko hilabeteak. Nafarroako osasungintza hagitz ona izan zen, baina orain ez da. Politikariek kudeatzen duten zatia, bederen, hutsaren hurrengoa da. Eta, hala ere, agintariek loreak botatzen dizkiote, nahiz eta jakin, badakiten eskutik joaten ari zaiela kontua».

Osasunbideko profesionalak «oso profesionalak» direlako konpontzen dira unean uneko arazoak, Morenoren hitzetan. «Eta jendeak profesionalekin duen tratua balioesten du. Normalean oso ona da, nahiz eta lan baldintzak oso kaskarrak diren. Gehiegizko lanarekin, langile nahikorik gabe ari dira, eta ongi erantzuten dute».

Uda aurretik hainbat osasun etxetik pasatu ziren LABeko ordezkariak, langileak protesta egitera bultzatzeko. «Oinarrizko osasun laguntzan aitzindaria izan zen jende askorekin hitz egiteko parada izan genuen. Eta horietako gehienek erran ziguten honetan guztian zer edo zer dagoela azpitik. Badirudi saiatzen ari direla oinarrizko laguntza erortzen uztea. Pribatizazioak bultzatzeko akaso? Ez dakigu. Baina ez badute dirurik sartzen argi dago ez dutela lagundu nahi».



GAIXOAK ORDAIN DEZAN. Geroz eta biztanle gehiago dago Nafarroan osasun zerbitzuak behar dituztenak. Geroz eta afiliatu gehiago ditu Gizarte Segurantzak, osasun zerbitzu horiek ordaintzeko dirua ematen duena. Baina baliabideak ez dira proportzio berean handitzen. «Beharbada, jokabide horrekin, Osasunbideak jende hori guztia ez duela artatzen ahal ikusarazi nahi dute. Eta, hala, ideia makur bat ari da zabaltzen: gaixoak jasotzen duen zerbitzuaren zati bat ordaindu behar duela, eta Gizarte Segurantzak bertzea. Askotan aipatu izan dute. Oraindik ez dute ezarri, baina hor dago. Geroz eta arazo gehiago baldin badago, jendeak azkenean pentsatuko du konponbidea hori dela».

Mediku batek eta erizain batek osatzen duten oinarrizko bikotea hausten ari direla dio Morenok, «dirua aurrezteko». «Nahiz eta dirua egon, badagoen. Edozein ergelkeriatan xahutzen dute. Ikustea bertzerik ez dago nola eman dituzten 55 milioi euro gehiago Bideko Autobiaren truke».



Osasun kontseilariaren asmo handiak

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Maria Kutz Nafarroako Parlamentuan egon zen, iragan irailaren 27an, legegintzaldi honetarako bere departamentuak dituen egitasmoen berri emateko. Departamentuaren erronka nagusia Zentro Mediko Teknologikoa eraikitzea zela erran zuen. «Osasunaren arloan lan egiteko modua berrituko du, 24 orduan artatuko baitituzte gaixoak, egoitza bakar batean, herritarrak osasun etxetik espezialistarengana bideratu gabe».

Iruñeko bi ospitaletan pabiloi berri bana egin nahi dutela erran zuen, bai eta Ubarmin klinikan ebakuntza gela gehiago egiteko asmoa dutela ere. Antsoainen, Buztintxurin, Tuteran eta Sarrigurenen lau osasun etxe eginen dituztela iragarri zuen. Eta itxaron zerrendei dagokienez, Kutzek erran zuen ez direla baliabideetan eskas ibiliko, «ez materialetan, ez langileetan», zerrendak txikitze aldera.

Iragarritako neurriak abian jarri ahal izateko gaitasuna zalantzan jarri zuten oposizioko taldeek bere garaian. Izan ere, Maria Kutzek agerraldian erran zuen berak ere ez dakiela zenbat diru izanen duen egitasmo horiek guztiak aurrera eramateko. Kutzek ez zuen asmoak egiteko datarik jarri, ez zuen haien aurrekonturik eman eta ez zuen esplikatu nola gauzatuko dituzten.

Horren isla izan zen duela egun batzuk Kutzek aurkeztu zuen Ikerketa Biomedikorako Plana, oraingoz batere eduki eta data zehatzik ez duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.