Sindikatuek deituta elkarretaratzeak egingo dituzte gaur osasungintzan Nafarroako Gobernuak egindako murrizketen aurka. 11:00etan izango dira, lurraldeko osasun etxe guztietako atarietan. Murrizketa horiek arautzen dituen dekretua bertan behera uzteko eskatuko dute: «Prest gaude aurrezte neurrien inguruan ikerketa bat onartzeko, baina zerbitzuan eragina ez badute». Bihar aztertuko dute Nafarroako Parlamentuan dekretua, eta horren harira ere protesta egingo dute. 09:15ean izango da, parlamentuaren atarian.
Sindikatuen iritziz, Osasun Departamentuak hartutako neurriak Osasunbideko langileen aurkako «eraso garbia» dira. «Lanpostu galera eragingo dute, eta sukaldeko eta laborategiko zerbitzuen pribatizazioa. Gainera, arriskuko lana egiteagatik jasotzen zuten osagarria kenduko diete langile batzuei».
Nafarroako Gobernua herritarrek osasun publikorako duten eskubidea urratzen ari dela uste dute. «Itxaron zerrendak arautzen zituen legea bertan behera utzita, adibidez, zerrenda horien muga hiru hilabetetik sei hilabetera igo dute».
Itxaron zerrendak direla-eta, salaketa egin zuen orain egun batzuk bularreko minbizia duten gaixoen Saray elkarteak. Azaldu zuen bularreko minbizia duten eriek 15-20 egun itxaron behar zituztela lehen ebakuntza egiteko, eta orain hilabete. «Horren ondorioz emakume batzuk Nafarroatik kanpo joan dira ebakuntza egitera. Murrizketen ondorioz, gainera, etorkizunean gehiago itxaron beharko dela pentsatzen dugu», esan zuen elkarteko presidente Pepa Pagolak.
Salaketa horri erantzun zion atzo Marta Vera Osasun kontseilariak. Verak emandako datuen arabera, bularreko minbiziko ebakuntza egiteko batez beste 18 egun itxaron behar dute gaixoek.
Urtean bularreko minbiziko 330 kasu diagnostikatzen dira Nafarroan,Verak jakinarazi duenez. «Zorionez, bularreko minbizia garaiz antzemateko programari eta terapiei esker %35 jaitsi da azken urteetan heriotza kopurua. Oso garrantzitsua da emakumeek programan parte hartzea».
Osasunbideko murrizketen aurkako protestak gaur
Sindikatuek deituta elkarretaratzeak egingo dituzte Nafarroako osasun etxe guztietako atarietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu