Zuzendariak berak eskatu, eta Marta Vera Osasun kontseilariak kasu egin: Osasunbideko zuzendaritza kargutik kentzea erabaki du. Bihar, Nafarroako Gobernuak ohiko bilera egingo du, eta han egingo dute ofizial erabakia. Juan Jose Rubioren ordezkoa zein izango den ere bertan erabakiko dute. Urtebete eskas egin du karguan, iazko uztailean izendatu baitzuten.
Marta Verak adierazi du ikusi dela Rubiok "ezgaitasun" nabarmena izan duela "testuinguru ekonomikora" egokitzeko: "Denbora guztian egin dituen proposamen guztietan Osasunbidetik kanpoko enpresekin lan egin nahi izan du, eta mugarik gabeko baliabideekin".
Berria prentsan atera eta gero, Juan Jose Rubiok berak berretsi zuen kargua uzteko asmoa zuela. Asteazken iluntzean presaz antolatutako agerraldi batean eman zuen berria. Jakinarazi du izendatu zutenetik zuzendaritzako kide batzuk bere aurka aritu direla eta zuzendaritzaren lan egiteko moduak eta balioak ez datozela bat berarekin.
Azaldu du Osasunbideko zuzendaritzako kide batzuek Marta Vera kontseilariari eskatu izan diotela bera kargutik kentzeko. Verak ez zuela kargutik kentzeko asmorik esan zion, baina bulegotik ez ateratzeko eskatu zion, zuzendaritzako kideekin arazorik ez sortzeko.
Azkeneko eskakizun horrekin lanean jarraitzea ezinezkoa dela azaldu du Rubiok eta, egoera horretan, berak erabaki duela kargua uztea. Verak onartu egin du erabaki hori.
Verak ukatu egin du bulegotik ez ateratzeko eskatu zionik, eta bestelako bertsioa eman du: "Ahal izan dugun guztia egin dugu Rubio taldera egokitu zedin". Aurka ere oldartu zaio: "Azken egunotan egin dituen adierazpenek eta jokatzeko moduak erakusten dute Juanjoren izateko modua".
"Gardentasun gutxi"
Rubiori iruditzen zaio bere lan egiteko modua ez datorrela bat Osasunbideko zuzendaritzako beste kide batzuekin. Gardentasunari, integraltasunari, formazioari eta pertsonei garrantzia ematen saiatu dela adierazi du.
Adibide gisa aipatu du zainketa intentsiboetarako gune berria. Obrak bukatuta daude, baina Osasunbideak ez du zabaldu eraikina oraindik.
Azaldu du, adibideak aletuz, eraikin hutsak badituela Osasunbideak, baina beste eraikin batzuengatik alokairuak ordaintzen ari dela. Hori aldatzen saiatu dela baina ezin izan duela esan du Rubiok. Horrez gain, pentsatzen du berak proposatu bezala lan egin balitz bizkorrago irekiko zutela. Osasunbidearen lan egiteko moduek ekarri dutela, ordea, oraindik irekita ez egotea, eta horrek zerbitzuari kalte egiten diola.
Osasunbideak erabaki batzuetan "gardentasuna" falta duela ere ohartarazi du Rubiok. Zerbitzu publikoak kanpoko enpresei emateko orduan, adibidez, esan du ez dagoela argi "nork eta nola" hartzen dituen erabaki horiek.
Dimisioa Osasunbideko gobernu kontseiluan eman nahi zuen Rubiok, eta hala eskatu zion Verari. Hark ez du gobernu kontseilua biltzeko asmorik agertu, ordea, eta horregatik jakinarazi du erabakia Rubiok.