Juan Mari Olano amnistiaren aldeko mugimenduko kidea, LABeko Mati Iturralde eta De Juanaren neska laguna izan dira De Juana ikusten lehenak. "Burua oso argi dauka eta oso kontziente da bere egoeraz", azaldu dio BERRIAri Mati Iturraldek.
Gaur 58 egun beteko ditu De Juanak gose greban eta dagoeneko 25 kilo galdu ditu. Mati Iturraldek ospitaleko zuzendariordearekin hitz egin du De Juanaren ososasun egoera "oso kezkagarria" dela nabarmentzean bat etorri dira.
Iturraldek Espainiako Gobernuaren jokabide salatu du De Juanari bisita egin ostean. "Ez da mugitu eta ez du egin keinu minimorik, eta ematen du mantendu egingo duela Iñakiren kontrako erasoa", azaldu du.
De Juanaren jarrera baina irmoa da. "Iñakik oso argi dauka. Bera ez da kartzelara bueltatuko beste hogei urte betetzeko", adierazi du Iturraldek. "Eta oso kontziente denez, oso egoera larri baten aurrean gaude", ohartarazi du. De Juanak oso argi dauka "bi artikulu idazteagatik ezin duela onartu halaka kartzela zigorra jasotzea". Gainera, preso donostiarrak uste du, horrelako zigor bat "oso aurrekari arriskutsua izan daitekeela beste presoentzat ere".
De Juanaren bizia «arriskuan» dagoelakoan, ospitalez aldatzeko eskatu zuen atzo Fiskaltzak
Erietxe espezializatuago batera eramateko baimena eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak presoaren larritasuna aintzat hartuta. Momentuz Algecirasko Punta Europa erietxean daukate preso donostiarra, eta han egin dio bisita Ibaetako Foroaren ordezkaritzak. De Juanari elkartasuna adierazteaz gain, bertatik bertara ikusi nahi dute nola dagoen.
Lekualdaketa horri buruz hitz egin du BERRIAk Mati Iturralderekin. LABeko kideak azaldu du ospitaleko medikuarekin hitz egin ondoren ez dutela aukera hori aurreikusten. "Hemen jasotzen ari den medikuaren laguntza, laguntza normala da". Iturraldek azaldu duenez, beste ospitale batera eramanda ere De Juanaren osasun egoera ez litzateke aldatuko. "Bere osasun egoera aldatuko litzateke Iñakik bere borroka uzteko neurriak hartuko balituzte", azpimarratu du.
Besteak beste, ELA, LAB, EHNE, Hiru, ESK eta EILAS sindikatuetako, eta TAT, Gurasoak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak joan dira Algecirasera.
Presoak
Osasunez ahul baina aurrera egiteko prest aurkitu dute De Juana Ibaetako Foroko ordezkariek
Euskal preso politikoen eskubideen alde hainbat alderdi, sindikatu eta gizarte eragile batzen dituen Ibaetako Foroaren ordezkaritza bat Algecirasen (Espainia) izan da, Iñaki de Juana abuztuaren 7tik gose greban dagoen presoari bisita egiten. 58. eguna beteko du gaur De Juanak gose greban. Presoak "aurrera jarraitzeko prest" dagoela berretsi die bisitariei. "Oso argi dauka bi artikulu idazteagatik ezin duela onartu horrelako kartzela zigorra jasotzea", adierazi dio Mati Iturraldek BERRIAri De Juana ikusi ostean. Fiskaltzak 96 urteko espetxe zigorra eskatu du De Juanarentzat Gara egunkarian kaleratutako bi iritzi artikulu idazteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu