Frantzia

Osasungintzako langileek sistema publikoaren aldeko manifestazioa egin dute Parisen

Azken urteetan eginiko murrizketak izurrian oso agerian geratu direla salatu dute. Poliziak manifestarien aurka jo du, eta istilu larriak gertatu dira.

Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 16a
18:17
Entzun

Milaka pertsona elkartu dira gaur Parisko kaleetan osasun sistema publikoarentzako baliabide gehiago eskatzeko. Osasun Ministerioaren aurrean bildu dira manifestariak, eta leloetan bat egin dute arrazakeriaren aurkako mugimenduarekin: Erietxea itota, eta Ezin dut arnasarik hartu irakurri ahal izan dira, besteak beste.

Txabusina zuriak jantzita atera dira kalera osasun langileak. «Gobernuak eskerrak ematen dizkigu gasarekin. Soldata igoeraren inguruko hitzik ez, ezta oheak murrizteaz ere, edo lan baldintzez. Bakarrik gasa geure birikientzat. Amorragarria...», esan du Sabrina Alibenali sendagileak. Izan ere, Poliziak gogor jo du osasun langileen kontra.

Baina, hainbatetan, atzera egin behar izan dute poliziek kaleetan, manifestazioaren amaieran parte hartzaile batzuek autoak gurutzatu eta harrika hartu dituztenean. Hamasei pertsona atxilotu dituela esan du Poliziak.

Urteak daramate osasun langileek salatzen osasun arlo publikoan desinbertsioa gertatzen ari dela. COVID-19aren izurriak are gehiago haserretu ditu, hiru hilabete baino gehiago baitaramate jo eta ke izurriaren aurka, eta agerian geratu baitira salaturiko murrizketen ondorioak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.