Osasungintzaren egoera aztertzeko batzorde bat iragarri du Espainiako gobernuburuak

Larrialdi egoerako azken mezu instituzionala eman du Pedro Sanchezek, eta «oinarrizko produktuen erreserba estrategiko bat» prestatzen ari dela adierazi du.

Pedro Sanchez, gaurko agerraldian. MONCLOA / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 20a
14:50
Entzun

«Birusa itzul daiteke eta berriz erasan gaitzake bigarren olde batean, eta denon artean saihestu behar dugu kosta ahala kosta», esan du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko buruak gaur, koronabirusaren izurriak eragindako larrialdi egoerako azken mezu ofizialean. Osasungintzaren egoera aztertzeko batzorde bat eratuko duela iragarri du, eta «oinarrizko produktuen erreserba estrategiko bat».

Eskerrak ematen hasi du hitzaldia Sanchezek: osasungintzako langileei, irakasleei, eta kultur langileak hartu ditu gogoan, besteak beste. Iragarri duenez, izurrian hildakoei «estatu omenaldia» egingo diete uztailaren 16an, Felipe Borboikoa buru. «Halere, beste omenaldi iraunkorragoa egin diezaiekegu: herrialdea berriz altxatu, batasunetik».

Ekonomia berriz altxatzearen erronkari aurre egin behar diote orain, esan duenez, «baina berreraikitzea ez da erakin zahar bat zegoen bezala uztea. Ekonomia berriaren oinarria jarri behar dugu, Europako Batasunarekin batera». Arreta berezia beharko duten alorren artean, turismoa eta autogintza aipatu ditu.

Ekonomia «inklusiboagoa» lortu behar dela nabarmendu du, eta «ongizatearen estatu berria». Bide horretan, Kongresuaren eta Senatuaren batzorde misto bat eratuko dela iragarri du, osasungintza, zientzia eta adinekoen zaintzarako sistemak aztertzeko.

Europa berria

Itxaropena Europako erakundeetan jarri du Sanchezek. «Pandemiatik Europa berria aterako da, ez 2008ko krisian bezala». Orduan estatuen berekoikeriak ekonomiaren gaitzak sakondu zituela argudiatu du, eta «Europako Hegoaldeari emaniko zigorra» gogoratu du. «Europak Europa salbatu behar du oraingoan, ez aurrekoan bezala. Europako Espirituak beste bultzada bat jasoko du».

Horrez gain, barnera begirako mezua plazaratu du: «Europak batuta ikusi behar gaitu. Espainia Espainiarekin ulertu behar da». Une batez trabatu egin dela eman du, hitzaldiaren haria berriz hartu eta azaldu aurretik izurriaren harira Espainiako politikan gertatu diren tirabirak. «Politika ezin da bihurtu gatazka eta gorroto iturria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.