Osasuntsu elikatzea zaintza dela aldarrikatu dute emakume baserritarrek

Etxaldeko Emakumeak taldeak eta Bizkaiko EHNEk Azoka Gardena egin dute Bilbon. Greba feminista orokorrean parte hartzera deitu dute

Azoka Gardena, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Hilabete pasatxo falta da azaroaren 30erako, mugimendu feministak Hego Euskal Herrirako antolatutako greba feminista orokorrerako, eta atzo emakume baserritarren babesa jaso zuen. Hain zuzen, Etxaldeko Emakumeak taldeak eta Bizkaiko EHNE sindikatuak antolatuta, Azoka Gardena egin zuten, Bilboko Areatzan. Etxaldeko Emakumeetako partaide Amets Ladislaok laburbildu zuen andrazko baserritarren aldarrikapenaren funtsa: «Osasuntsu elikatzea ere bada zaintzea, eta gure eskubide bat da».

Horretarako, tokiko elikagaiekin — garaian garaiko barazkiak, esnekiak eta ogia— betetako 400 poltsa saldu dituzte hamar euroan, «prezio duin eta bidezko batean». Ladislaoren esanetan, zenbaiti «ahaztu» egiten zaie osasuntsu elikatzea ere eskubide bat dela: «Eskubidea eduki beharko genuke gure elikadura sistema eta politikak definitu ahal izateko».

Alabaina, egoera bestelakoa delakoan dago: «Gaur egun daukagun elikadura sistema prezioen espekulazioan oinarrituta dago». Eta erantsi du: «Sistema global batean murgilduta gaude, eta multinazional batzuk aberasten ari dira».

Horregatik, beharrezkotzat jo dute greba feminista orokorrean parte hartzea, eta azoka baliatu dute emakume baserritarren babesa adierazteko. Izan ere, Ladislaok nabarmendu duenez, mugimendu feminista alboan izan dute beti, «aliatu» gisa: «Guk beti esaten dugu ez garela lehengai merkeak ekoizten dugun pertsonak: guk elikagaiak ekoizten ditugu, jendea elikatzen dugu, eta jan barik hil egiten gara. Gure lana oinarri-oinarrizkoa da, eta mugimendu feministan beti aliantzak aurkitu izan ditugu ildo horretan».

Baserritarrek ere ekarpena

Greba feministan parte hartzearekin batera, ekarpena ere egin nahi diote emakume baserritarrek. Izan ere, uste dute elikadura osasuntsuak ere zaintza sistemaren barruan egon behar duela. Gainera, zaintza pertsonetatik harago doala adierazi du Ladislaok: «Lurra, haziak, abereak, ura... zaintzen ez baditugu eta tokiko elikadura sistema bat antolaturik ez baldin badaukagu, bizitzarik ez da izango, eta ez da inor egongo zaintzeko eta zaindua izateko. Horregatik, uste dugu gure ekarpena holistikoagoa dela, ez delako pertsonetan bakarrik zentratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.