euskal presoak

Oscar Abad eta Itziar Martinez presoak aske utziko dituzte

Bere garaian zigorra luzatu zieten, 'Parot doktrina' ezarrita. Dena dela, abokatuek oraindik ez dakite Auzitegi Nazionalak zergatik utziko dituen libre.

2012ko urriaren 11
17:27
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak Oscar Abad eta Itziar Martinez euskal presoak aske uztea erabaki du, presoek berek euren abokatuei jakinarazi dietenez. Bere garaian zigorra luzatu zieten biei, Parot doktrina ezarrita.

Auzitegi Nazionala atzo aipatutako doktrina aztertzen aritu zen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio presoaren zigorraz emandako kontrako epaia dela medio, eta han jorratu zuen Abaden eta Martinezen gaia, presoen abokatuek BERRIAri esan diotenez. Dena dela, abokatuek oraindik ez dakite zer dela-eta utziko dituzten libre.

Efe eta Europa Press berri agentziek diote Martinezen kasuan auzitegiak aintzat hartu duela presoak zigorra luzatzeari buruz lehen aurkeztutako helegite bat. Abaden kasuan, zigorraren interpretazio desberdin bat egin dute. Epaileek beste hamabost euskal presoren kasuak ez dituzte aintzat hartu.

Abad (Basauri) eta Martinez (Galdakao) Topasko espetxean (Espainia) daude. Abad 1991n espetxeratu zuten, eta, irteteko eguna 2010eko abenduaren 31n bazuen ere, 2021era arte luzatu zioten zigorra. Martinez ere 1991n sartu zuten preso; kaleratzeko eguna 2009ko ekainaren 4rako zuen, baina zigorra 2021era luzatu zioten.

197/2006 epaiari jarraituta Espainiako Justiziak Del Riori luzatutako zigorra bidegabetzat jo zuen uztailaren 10ean Estrasburgok. Aske uzteko eskatu zuen Europak, eta Del Riori 30.000 euroko kalte-ordaina emateko. Presoa libre utzi edo ez Espainiako Gobernuak erabakiko du. Urriaren 4an Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiari helegitea jarri zion PPren exekutiboak.

Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da Parot doktrina. Horren bidez, espetxe onurak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.