Bakearen eta bizikidetzaren esparruan "oso adostasun zabalak" beharko dira, eta ez da nahikoa izango "gehiengo estu bat", Jonan Fernandezen esanetan. "Ez dago ados jartzea ez den beste irtenbiderik", adierazi du, eta legealdiko helburuetako bat "korronte politiko nagusien" artean akordio bat lortzea dela gaineratu du.
Radio Euskadin elkarrizketatu dute Fernandez. Aitortu du "ados jarri nahi ez duenak" beto ahalmena duela, baina nabarmendu du gizartea "etorkizunera begira" dagoela. "Politikariek eta erakundeek errealitate berri honi erantzutea agindu bat izango da; zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta indar handiagoarekin inposatuko da agindu hori gure errealitatean", esan du.
Legealdi amaieran bizpahiru alorretan alderdi politiko nagusiak ados jarri direla ikusi nahiko luke Fernandezek; adibidez, "iraganera begiratzeko eran", gertatutakoa "adorez" aztertuz eta "autokritikari beldurra galduta".
Bere izendapenak jaso dituen kritikak errespetatzen dituela esan du Fernandezek; espero du "denborak eta lanak" kritika egin dioten biktimen elkarteen jarrera aldaraztea. Beste horrenbeste esan du PPk eta UPDk haren izendapenaz egin duten kritiken gainean.