"Oso erabilgarria" izan da doktrina Rajoyren ustez, baina Gobernua ez da biktimen manifestazioan izango

Espainiako presidenteak biktimen hainbat elkartetako ordezkariekin bilera egin du, eta haien mina "partekatzen eta ulertzen" duela jakinarazi die. PPk bat egin du Estrasburgoren erabakiaren kontra igandean Madrilen egingo duten manifestazio deialdiarekin. Ez, ordea, Gobernuak.

2013ko urriaren 24a
14:58
Entzun

Angeles Pedraza AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidentea eta Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundaziokoa hartu ditu Mariano Rajoyk, bakarka, Parot doktrinaeraitsi osteko egoeraz hitz egiteko, eta Espainiako Gobernuak haiek babesteko  bere esku dauden "neurri guztiak" hartuko dituela "pertsonalki" jakinarazteko. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak erabakia hartu aurretik ere, gobernuak bitarteko guztiak erabili dituela nabarmendu du Rajoyk, baina ez duela lortu nahi zuena: doktrina mantentzea.

Orain gobernuak "halabeharrez" erabakia errespetatu beste biderik ez duen arren, ez dago bere esku hura aplikatzea, auzitegienean baizik. Estrasburgok 197/2006 doktrina bertan behera utzi zuenetik gobernuak eman duen mezua errepikatu die presidenteak: auzitegiek "banan-banan" aztertuko dituzte kasuak.

Espainiako Barne Ministerioak gaurtik bertatik gizarte langileak jarriko ditu hemendik aurrera espetxetik atera daitezkeen presoen biktimak artatzeko. Plan berezia prestatu dute Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak COPE irrati katean esan duenez, eta ez dute "inolaz ere" haiei ongietorriak egiten utziko.

PP, manifestaziora; Espainiako Gobernua, ez

Parot doktrina eraitsi izanaren kontra AVTk antolatutako manifestazioan izango dira PPko hainbat ordezkari, baina ez Espainiako Gobernuaren izenean. Esteban Gonzalez Pons han izango da, beste batzuen artean. "Gobernuak dagokion lekuan egon behar du, biktimekin, baina ez gara gobernu gisara egongo manifestazioan; bai, ordea, alderdi modura", esan du Rajoyk gaur goizean.

PPk komunikatu bat bidali du militanteei bat egin dezaten eskatzeko, "terrorismoaren biktimen justiziaren alde", alderdia "beti" egon delako eta egongo delako biktimen ondoan. Madrilera joateko eskatu du, "Estrasburgoren erabakiaren aurrean biktimen memoria eta duintasuna aldarrikatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.