Euskal presoak. Gaixo larriak

Oso gaixo dauden 15 preso askatzeko premiaz ohartarazi du Jaiki Hadi-k

Sendagileek azaldu dute larri daudenen zerrenda gizentzen ari dela eta espetxealdia luzatzeak okertu egingo duela egoeraGaixoak askatu bitartean laguntzarako «trabak» desagerrarazteko eskatu dute

Jaiki Hadi elkarteko medikuak, atzo, Bilbon egin zuten agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Gaixotasun larriak dituzten kasuak gehitu egin dira», abisu eman du Jaiki Hadi-k, gaixo dauden euskal presoen egoeraren jarraipena egin eta laguntza ematen saiatzen diren sendagileen elkarteak. «Gaur egun, hamabost preso ditugu gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituztenen zerrendan, eta, gure ustez, aske egon beharko lukete». Elkarteko kideen izenean, Oihana Barrios eta Iñaki Uruburu sendagileek azaldu dute zerrenda luzatu edo laburtu egin daitekeela, baina, orain arteko ibilbidea ikusita, okerrera egingo duela diote: «Espetxealdia luzatzeak areagotu egingo du kasuen berezko larrialdia».

Izan ere, presoek dituzten gaixotasunak askotarikoak diren arren, urteek eragin zuzena dute haien osasunean; bai presoen adinak, bai espetxean egindako urteek. Horixe erakusten dute datuek: egun, 60 urtetik gorako 22 euskal preso dituzte espetxean, eta horietatik bederatzi gaixo daude. Espetxeetako egoera gogorrak urteetan luzatzeak are kalte nabarmenagoa egiten dio osasunari: 93 euskal presok hogei urtetik gora daramate presondegian, eta horietako 27 gaixo daude. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen artean, kartzelan urte asko egindakoak dira nagusi.

Espetxeko «zenbait faktorek» kartzela gaixotasunei aurre egiteko toki izatea eragozten dutela azaldu dute medikuek. «Espetxean segurtasuna lehenesten denez, ez dago larrialdi protokolorik osasun egoera larriei aurre egiteko; ez dago gaixoei jarraipen estua egiteko baldintzarik; konfiantzako medikuen bisitak ukatzen dituzte; dieta egokiak izatea ezinezkoa da; beharrezko frogak gehiegi atzeratzen dira; diagnostiko eza izaten da nagusi sarritan, edo tratamendu desegokiak».

Bihotzeko arazo larriak dituzten bi presok 25 urte daramate kartzelan, euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika berezituaren ondorioz «tentsio une gogorrak» bizitzen. Patologia asko dituzten gaixoen kasuan, «beharrezko tratamendua lortu ezinean» ibiltzen direla azaldu dute. Arazo psikiko larriak dituztenen egoera, «zinez tamalgarria» dela: «Jarraipen eta tratamendu egokia ezartzeko trabak izaten dira, eta gaixoaren gertuko profesionalekiko laguntza ezinezkoa izaten da». Egoera irauli, eta gaixo dauden presoak etxeratuko dituzten esperantza agertu dute sendagileek. Bitartean, «egungo trabak desagertzeko» eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.