Oso garai zailak datoz, baina politikoki oso interesgarriak

Analisia: Joxerra Senar.

Berria.info
2012ko ekainaren 15a
19:19
Entzun

Azken bi asteotako foiletoia amaitu eta Nafarroako Gobernua hautsi da. Are gehiago, azken hamarkadako UPNren eta PSNreko arteko binomio banaezina hautsi egin da. PSNk hala bilatu ote duen, UPN gogaitu ote den, bi faktore horiek batera ote diren, edo dena delakoa ez dakit jada garrantzirik ote duen. Nire ustez, PSN barruan gero eta jende gehiagori nekagaitzago eta jasanezinago egin zaio gobernu honek urtebetean eraman duen gainbehera politikoa eta, batez ere, egin behar izan dituen murrizketa guztien koste politikoa. Apirilaren 21eko eta 22ko biltzarrean epe ertainera norabide politikoaren aldaketa egiteko ibilbidea diseinatu zuen, baina maiatzeko gertaerek dena bat-batean azkartu egin dute. Garai frenetikoak bizi ditugu, baita Nafarroan ere.

Roberto Jimenez politikoki oso-oso ahulduta geratu da. Etorkizun laburra antzematen zaio orain. Duela bi aste 132 milioi euro murrizteko erabakia hartu zenean, ekainaren 1eko goiz hartan, jokatu zuen rolak nabarmen utzi du. Hasieran onartu egin zuen murrizketa, gero alderdi barruan murrizketaren dimentsioaz jabetu zirenean atzera egin zen eta PSN ordagoa botatzera behartu zuen. Arestian esan bezala, era berean, PSNn geroz eta gehiagok aurretik zalantzak zituzten gobernuan egotearen egokitasunaz. Bi osagai horiekin, ekainaren 1ean eztanda egin zuen azkenean haustura eragin duen krisia.

Yolanda Barcina eta Alvaro Miranda ere politikoki ukituak daude. Baita UPNko militanteen aurrean ere. UPNk kudeatzaile ekonomiko onaren ospea izan du, baina Nafarroako Kutxarekin gertatutakoak eta krisian zehar erakutsi duen inprobisaziorako joerak nabarmen utzi ditu bi agintariak: bere politika ekonomikoa erregimaren interes ekonomikoa lehenestean egon da eta, gainerakoan, ez dute atzean inolako proiekturik eta estrategiarik.

Hori da benetan kezkagarria. Murrizketak murrizketaren atzetik datoz. Aurreikuspen ekonomikoak eta horien araberako diru sarreren bilakaerak azken hilabetean etengabe aldatu dira. Egoera ekonomikoa bereziki zaila bada ere, horrek ez du erabat azaltzen inprobisazio guztia. Kontuen argazki osoa egitea falta da, oposizioari uko egiten zaio kontu horien atzean egiten diren formulen azalpena, eta, PSNk orain esan duenez, egoera okerragoa izan liteke. UPNk egoera ekonomikoari leporatu nahi dio bere erabakien erantzukizuna, baina bere iraganeko arduragabeziaren erantzukizuna ezingo du jada luzaroan ezkutatu: Itoitz eta Nafarroako ubidea, Los Arcosko zirkuitua, Reyno Arena, itzalpeko bidesari bidezko finantzazioak, zementuan oinarritutako proiektuekiko zaletasuna...

Hemendik aurrera zer? Amaitu da UPN eta PSN binomioa. PSN oposiziora joango da. Bere hitzari sinesgarritasun arrastorik geratzen bazaio, ez du oposiziotik egonkortasunaren izenean UPN babestuko. Hori esan dute. Ezin erabat fio, baina ez luke logikarik gobernu batetik ateratzea gero kanpotik babesteko. Horrek garrantzi politikoa handia du. UPNren apustu politiko bakarra orain PP da, eta ziurrenik alderdi popularrean zor batzuk kitatzeko izango dituzte. Gutxiengoan gobernatzeko prest badira, are eskuinerago joango da UPN, baina ezegonkortasun nabarian gobernatu beharko du. Hausteskundeak, goizago edo beranduago, aurreratu egingo dira. Oposizioak orain, inoiz baino gehiago, parlamentu kontrola egin beharko du kontuen gainean. Oso garai zailak datoz, baina politikoki oso interesgarriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.