Iker Elizalde. Hendaiako hautetsia eta talde sustatzaileko kidea

«Oso harrera ona jasotzen ari gara Ipar Euskal Herrian»

jokin sagarzazu
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Biharko Hendaia taldeko hautetsia da Iker Elizalde Hendaiako Herriko Etxean (Lapurdi). Udalbiltza berrantolatzeko talde sustatzailean ari da atxikimenduak biltzen, eta Ipar Euskal Herriko gainontzeko alderdietako hautetsiei azaltzen zertan datzan egitasmoa. Pozik dago orain arte jaso duten babesarekin.

Zer harrera egin diote Ipar Euskal Herriko hautetsiek Udalbiltza berrantolatzeko egitasmoari?

Egia da ez garela hasi buru-belarri lan horrekin, berrantolaketak hauteskunde kanpainan harrapatu gaituelako. Hala ere, harremanak egiten hasiak gara, eta esan dezakegu, orokorrean, oso harrera ona jasotzen ari garela. Hor bada aurretik Udalbiltzan aritu zirenak. Lan sakona eta garrantzitsua egin zuten, eta uste dut guk haiek egindako lanaren fruituak jasotzen ari garela.

Aukerarik ikusten duzu hautetsi ez abertzaleen babesa jasotzeko?

Abertzale ez diren hautetsi batzuek bat egin dute jada. Hemendik aitzina, eta Udalbiltza garatzen doan heinean, uste dut aukerak egonen direla beste hautetsi batzuk Udalbiltzan sartzeko edo, bederen, Udalbiltzarekin lanean aritzeko. Gure asmoa ez da inor ordezkatzea, baizik eta Euskal Herri osoko instituzio bat sortzea eta elkarlanean aritzea Euskal Herriko gainontzeko instituzioekin.

Aurrekoek eginiko lana aipatu duzu. Zein lorpen nabarmenduko zenituzke?

Bereziki aipatuko nuke Zuberoari begira martxan jarri zuten Zuberoa Garatzen plana. Urte horietan hainbat harreman egin ziren hango eragileekin. Hainbat proiektu abiatu egin ziren, Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltza legez kanporatu zuen arte. Ondoren, harreman lanak segitu du, eta sare hori baliatzea izango da gure helburua.

Udalbiltza bezalako erakunde batek zer ekarpen egin dezake une honetan?

Ekarpen handiena da erakustea Euskal Herrian baditugula baliabideak hainbat aterabide emateko, besteak beste, krisi ekonomikoari eta konponbide prozesuari. Udalbiltza egoera berri batean abiatu da. Gure helburu nagusia da herri hau antolatzen eta eraikitzen joatea.

Eta Iparralde eta Hegoaldeko harremanei begira? Juridikoa eta politikoa ez ezik, muga psikologikoa ere badela ezin da ukatu.

Bai, hala da. Berez gure subjektua Euskal Herria da. Lurralde bakoitzaren ezagupena sustatu behar dugu, baliabideak eta tresnak jarri behar ditugu, Euskal Herri osoko egiturak sortzeko, alor ekonomikoan, kulturalean... Hainbat sare eraiki behar ditugu ezagutza hori handiagoa izan dadin. Uste dugu Euskal Herrian badugula aski indar hori eraikitzeko eta elkarrekin aurrera eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.