Oso azkarra izan da gaur D3M plataformaren eta Askatasuna alderdiaren kontrako epaiketako saioa; ez da heldu ordubetera. Eta berritasun handirik gabekoa gertatu da: perituek —guardia zibilak denak— bere garaian txostenetan ziotena berretsi dute —alegia, "ETA-Batasunaren estrategia" jarraitu zutela auzipetuek—, defentsak poliziei ez die galderarik egin, fiskalak ez die ia deus galdetu, eta saioa amaitu da. Bihar jarraituko du epaiketak, laugarren saioarekin.
Ostiralean bezala, perituek auzipetuei leporatu diete jendaurreko agerraldietan parte hartzea, orduan legezkoak ziren alderdientzat (ANV) lan egitea eta euskal presoekin hitz egitea. 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzea zen auzipetuen helburua, guardia zibilek adierazi dutenez. Ostiralean perituek ez zuten froga zehatzik aurkeztu.
Auzipetuek gaur Amaiur eta ERCko diputatuen babesa jaso dute. Xabier Mikel Errekondo eta Jon Iñarritu (Amaiur) eta Joan Tarda (ERC) azaldu dira Espainiako Auzitegi Nazionalera, ”Salbuespen neurriak” amaitzeko eta ”arduraz” jokatzeko eskatu dio Errekondok Espainiako Gobernuari.
Ostegunean hasi zen epaiketa, eta hamahiru auzipetuek orduan deklaratu zuten. Adierazi zuten ez zituztela ETAren edo Batasunaren aginduak jarraitu, eta euren jarduna beti "publikoa eta legezkoa" izan zela esan zuten.
Hurrengo saioak bihar, etzi eta hilaren 17 eta 18an izango dira, horiek ere auzitegiak San Fernando de Henaresen duen egoitzan, Madrildik hamabost kilometrora.
Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozua auzipetuei ETAko kide izatea leporatzen diete, eta bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat. Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzanari, berriz, ETAri laguntza ematea, eta zazpi urteko zigorra eskatu dute haientzat..
Larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon, auzipetuei babesa adierazteko.