Joan den astean Espainiako Osasun Ministerioak Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutako neurriak dioenez, ospitalean bertan ez dauden gaixo larri edota kronikoek ospitaleetako farmazietan gehienez 4,2 euroko ekarpena egin beharko dute, eskuratzen duten sendagaieko. Jaurlaritza "ez dago batere ados" berrordainketa neurri berriarekin, eta hori geldiarazteko Espainiako Gobernuari helegitea aurkeztuko dio "kautelazko neurri gisara". Auziaren erabakia eskatutakoaren kontrakoa bada, berriz, bide judizialera joko du, administrazioarekiko auzi prozesuari helduz.
Ezinbestean sendagaiak behar dituzten gaixoei neurri hori aplikatzea "zentzugabea da ikuspegi humanotik", eta ekonomikoki, gainera, ez darama inora, haren ustez, martxan jartzeko gastua aurreztuko diren 200.000 euro baino handiagoa litzatekeelako.
Urriaren 1erako aplikatu behar da neurria, eta epeari buruzko kexua ere agertu du. "Ez da gauzagarria" Lurralde arteko Kontseiluan ez delako proposatu "zeharka" ez bada, eta beraz, Jaurlaritzak ez zeukan horren berri, eta ezin izan du aplikatzen hasteko modua prestatu.