Ospitaleko sukaldea, kanpoko enpresen esku

Nafarroako Osasun Departamentuak 3,5 milioi euro aurreztu nahi ditu, kanpoko enpresa bati emanda

mikel p ansa
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
«Ez da pribatizazio bat, antolaketa kontua baizik». Marta Vera Nafarroako Osasun kontseilariak horrela azaldu du Nafarroa Ospitaleko sukalde zerbitzua erietxetik kanpoko enpresa bati emateko asmoa. Orain 204 langilek ematen dute erietxeko sukalde zerbitzua; 126k seguru dute lanpostua, baina 78k ez. Postu finkoa dutenak Osasunbideko beste lanpostu batean kokatuko dituztela azaldu du Verak. Lanpostu finkorik ez dutenak, berriz, sukaldea kudeatzeko lehiaketa publikoa irabaziko duen enpresan kokatzen saiatuko dela adierazi du Osasun kontseilariak.

Neurri horrekin 3,5 milioi euro aurrezteko asmoa agertu zuen, atzo, Marta Verak. Iaz zerbitzu horrek 9,8 milioi euroko kostua izan zuela oroitarazi du, eta 328.500 menu eman zirela. Laborategiak batzeko asmoa ere agertu du Verak, zazpi milioi euro aurrezteko ideiarekin. Murrizketa ez, «efizientzia» kontua dela adierazi du, eta ukatu du Nafarroako osasungintza publikoa «hondatzen» ari dela.

Guztiz kontrara ikusten dute Osasunbideko sindikatuek. SATSEk, LABek, ELAk, UGTk, USAEk, CCOOk eta SPAk salatu dute gobernua «eraisten» ari dela osasun zerbitzu publikoa. Murrizketen kontra urriaren 26rako antolatuak diren elkarretaratzeetara ere deitu dute. Diputazio Jauregiaren aurrean izango dira, 09:00etan eta 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.