Duela urte askotatik du gaitz larria Gogorzak, eta okerrera egin zuen espetxeratu zutenean, 1999an. Espainiaratu egin zuten Frantzian hamar urtez preso izan ondoren —behin behineko espetxeadian dago orain—, eta bakartuta izan zuten Soto del Realgo espetxean, 2011n. Konpultsio aldi larriak izan zituen horren ondoren, eta segurtasun protokoloa du ezarria ordutik.
Etxerat elkarteak gogora ekarri du "eragin zuzena" dutela espetxeko baldintzek gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoengan, eta esan du argi ikusten dela hori Gogorzaren kasuan. Jaiki Hadiko sendagileen esanetan, lasaitasuna eskatzen du Gogorzaren gaitzak, eta sintomak behin eta berriz berpizten dizkiote kartzelako tentsio egoerek. "Mendekuzko espetxe politika" salatu dute Etxerat-eko kideek, besteak beste, Ventura Tomeren kasua gogora ekarrita: "Aitzolek eta gaitz larriak dituzten beste hamalau presoek aske egon behar dute, berehala".