Hamazazpi egun igaro behar izan dira Langraizko kartzelan (Araba) gertatu den azken heriotzaren berri izateko. A.P.A. Bizkaian jaiotako 30 urteko gizonezkoa 2010eko abenduaren 31n hil zen, Txagorritxuko ospitalean, hainbat egunetan espetxean eri egon ostean. Lau egunetan ospitalera joateko eskaera idatziak egin zituen A.P.A-k, baina ez zizkioten onartu. Halaxe jakinarazi diote hildako gaztearen espetxeko kideek presoen eskubideen aldeko elkarte Salhaketari. Ospitaleratu eta gutxira hil zela jakinarazi du elkarteak.
Heriotza hori saihesteko modua egon zela nabarmendu du Cesar Manzanos Salhaketako bozeramaileak. Hildako presoak hainbatetan jakinarazi zien espetxeko arduradunei gaixorik zegoela, baina oso egoera larrian egon zen unera arte ez zuten ospitalera eraman. Langraizko espetxeko hainbat presok EAEko arartekoari idatzi bat helarazteko asmoa dutela esan diote Salhaketari, haien kidea ospitaleratzeko atzerapena salatzeko. Salhaketak beste idazki bat ere aurkeztu dio arartekoari, espetxeak emandako informazio eskasaren berri emateko.
Gertaera «oso larritzat» jo du Salhaketak, batez ere kontuan hartuta espetxe barruan osasun arreta jasotzeko eskubidea Espetxe Erakundeen esku dagoela. Bide batez, espetxe barruan dauden pertsonen ehuneko handi bat gaixorik dagoela gogorarazi du.«Protokoloa jarraitu izan balute, pertsona horrek bizirik egoteko aukera handia izango luke», azaldu du Manzanosek.
Espainiako Espetxe Erakundeek kudeatzen dituen kartzelen artetik Langraiz batez beste heriotza kasu gehien duen espetxeetako bat dela gogorarazi du. Kasu honetan, hedabide batek jakinarazi duenez, espetxeko arduradunek aditzera eman dute ez dutela heriotzaren berri eman presoa hirugarren graduan zegoelako. Presoa abenduaren 21ean ospitaleratu zela azaldu dute, eta eritasun «oso larria» zuela.
«Iragarritako heriotza»
Urte bukaerarekin batera gertatu zen heriotza ustekabean ez dela heldu azaldu du Manzanosek. «Espetxeetan dauden heriotzak ezkutatzearen ondorioa da; iragarritako heriotza». Duela urte batzuk heriotzen berri ematen zuen Espainiako Espetxe Erakundetako arduradunek, baina zergatiari buruzko informazioa ez zuten ematen. Egun heriotzen berri ere ez dutela ematen salatu du Salhaketak, eta hildakoaren senideei ematen zaien informazioa eskuratzeko aukerarik ez dutela izaten.
Kasu horiek gutxitan ikertzen direla azaldu du Manzanosek. «Fiskalak heriotza horiek ez ikertzeko nolabaiteko agindua duela iruditzen zaigu». Heriotza guztiak ikertzeko eskatu du Salhaketak. Bihar Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaordearen aurrean elkarretaratzea egingo dute 12:00etan, jazoera salatzeko.
Ospitaleratzea ukatu zioten Langraizko preso bat hil da
2010eko abenduaren 31n hil zen, Txagorritxun; ospitalera joateko eskaria lau aldiz egin arren, ukatu egin zioten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu