Joan den astean Nafarroako Gobernuak iragarritako neurria indarrean sartu da gaur, eta, hortaz, bertako tabernen eta bestelako ostalaritza lokalen barruan kontsumitzeko aukera dute orain Nafarroako herritarrek.
Foru gobernuak ezarritako bi aukeretatik bat hautatu behar izan dute ostalariek: lokalen edukieraren %30 erabiltzea bezeroak artatzeko, ala CO2 neurgailu bat erabiltzea, airearen kalitatea neurtze aldera. Gas horren goiko muga 800 ppm-an (milioiko parte) ezarri dute osasun agintariek. Hautu hori egin dutenek erantzukizun agiri bat sinatu behar izan dute, eta bezeroen gaineko datuak biltzeko ardura ere izango dute.
Itxiera orduari dagokionez, 22:00etan ezarri dute, baina, terrazei dagokienez, ordutegia 01:00ean mantendu dute.