Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur arratsalderako deitu du neurriak ebazten dituen Labi batzordearen bilerara. Ondoren, prentsaurrekoa eman du eta bost neurri iragarri ditu. Besteak beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, LABIren erabakiz, 24:00ak arte egin ahalko dira jarduerak, ostalaritzakoak zein kulturakoak. Orain 22:00etan zegoen muga. Neurria etzi sartuko litzateke indarrean, ekainaren 2an.
Apirilaren amaieratik izurriaren bilakaera «positiboa» izan dela adieraziz hasi du prentsaurrekoa Urkulluk, eta horien inguruko datuak eman ditu. Halere, onartu du jaitsiera moteldu egin dela azken astean, eta horrek «ziurgabitasuna» handitu duela adierazi du. «Itxaropena eta zuhurtzia sustatu behar ditugu». Hori guztia kontuan hartuta hiru neurri adostu dituzte:
Neurrien multzo nagusiari eustea.
Kirol jarduerak ahalbideratzen hasiko direla eta ordutegiak moldatzen.
Eta beste neurriak hartuko dituzte, erietxetako datuek aukera eman ahala, tasa 150 kasutik azpitik geratzen denean.
Bost aldaketa iragarri ditu:
Kirola kanpoan egin ahalko da pertsona kopurua mugatu gabe.
24:00ak arte egin ahalko dira jarduerak. Ez da bakarrik ostalaritzari eragingo, baizik eta beste jarduera guztiak, kulturari barne.
Garraio publikoaren irteerak gauerdia arte luzatuko ahalko dira.
Aisialdian hamar hamar lagun artekoak izan ahalko dira taldeak, egonkorrak direla ziurtatuz gero.
Aire libreko erakusketetan edo bisita publikoetan, hamar pertsonakoak izan ahalko dira taldeak.
«Tunelaren amaieran argia ikusten ari gara, baina zuhurtasuna mantendu behar dugu, helburua atzera ez egitea delako».
Edonola ere, datozen hiru asteotan ez da aukerarik emango jatetxeetako mahaietan lau pertsona baino gehiago elkartzeko. Maskaren inguruko neurriak arintzea bere esku ez dagoela adierazi du Urkulluk, baina, egonda ere, berak ez lituzkeela lasaituko gaineratu du.
Bederatzi neurri, datuak onak badira
Hogei egun barru berriz aztertuko dute berriz egoera. Datuak onak badira, eta intzidentzia tasa 150 kasutik jaisten bada, beste bederatzi neurri har ditzaketela iragarri du Urkulluk:
Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegiak gaueko 01:00etara luzatzea.
Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultur ekitaldietan eta kultu aretoetan egon daitekeen jende kopurua handitzea.
Ekitaldietan, 600 pertsona egoteko baimena ematea barnealdean, eta 800 kanpoan.
Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea. Orain lau bakarrik elkar daitezke.
Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegi, edukiera eta distantzia mugekin.
Barruko esparruetan kirol jarduerak ahalbidetzea, gehienez 10 pertsonako taldeetan.
Kirol-ekitaldietan publikoa baimentzea. Betiere, edukieraren %60, eta gehienez 800 pertsona barnealdean, edo 1.200 pertsona kanpoan.
Bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona taldeak handitzeko aukera ematea.
Eta %60raino handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldeko edukierak.
Esan bezala, hogei egun barru aztertuko dute.