Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak sare sozialetan zabaldu duenez, heldu den ostegunean jakinaraziko dute 2016ko sanferminetako talde bortxaketari buruzko epaia. Auzitegiko Bigarren Aretoko presidenteak irakurriko du jendaurrean, 13:00etan.
Ia bost hilabete iraun du prozesuak. Iazko azaroaren 28an, sententziaren zain gelditu zen 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren harira Nafarroako Auzitegi Nagusian eginiko epaiketa. Sevillako (Espainia) bost gizonezko epaitu dituzte, beste horrenbeste sexu eraso delitu eta indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurreta delitu bat egotzita.
Epaiketa, polemikaz inguratua
Auzibideak iraun zuen bitartean, akusazioek tinko defendatu zuten duela urte eta erdi Iruñean San Fermin egunez gertatutakoa "bortxaketa" izan zela. "Biktimarekin izandako sexu harremanetan ez zen baimenik egon; indarkeriaz eta larderiaz gauzatu zuten bortxaketa bost akusatuek", defendatu zuen Elena Sarasate fiskalak. Erabateko sinesgarritasuna aitortu zion biktimaren deklarazioari: "Emakumezkoak dioena koherentea da, ez dago kontraesanik, eta ez du gertatutakoa puztu".
Fiskalaren arabera, "ukaezina" da akusatuek Gazteluko plazan ezagutu zutela emakumezkoa, eta autorainoko bidean lagunduko zioten "aitzakian" joan zirela handik, eta uste du nahiko froga badagoela adierazteko bortxaketa izan zela Paulino Caballero kaleko bosgarren zenbakiko atariko gelan gertatutakoa: "Akusatuek grabatutako bideoak ikusi besterik ez dago. Inoiz ez da ikusten biktima jarrera aktiboan; beti ageri da begiak itxita". Sarasateren iritzian, irudietan ikusten denak baieztatu besterik ez du egiten emakumeak dioena.
Bost akusatuen defentsaren abokatuek kontrako bertsioari eusten diote. Besteak beste, Iruñeko Paulino Caballero kaleko bosgarren atariko gela txiki batean izandako sexu harremanak "onartuak" izan zirela adierazi zuten hiru defentsa abokatuek. Biktimaren salaketa "faltsua" dela iritzita, bost auzipetuentzat absoluzioa eskatu zuten.
Agustin Martin Becerrak, bost akusatuetako hiruren defentsaren abokatuak, zalantzan jarri zuen epaileak abiatutako ikerketa, eta iradoki zuen salaketaren arrazoia ez zela bortxaketa izan, bost akusatuek sakelako telefonoa lapurtu izana baizik. Sexu harremanak "adostuta" zeudela iritzita, defendatzen dituen hiru gizonentzat absoluzioa eskatu zuen. Antzera mintzatu zen Jesus Perez ere, ofizioz guardia zibila den auzipetuaren defentsaren abokatua. Ia ordu eta erdiz garatutako azalpenean, onartu zuen bere bezeroak sakelako telefonoa lapurtu ziola biktimari, baina ez zuen arrazoia argitu.
Mugimendu feminista, kalean
Iruñeko mugimendu feministak hainbat mobilizazio egin ditu azken hilabeteetan, bortxaketaren biktimarentzat justizia eskatzeko. Iragan apirilaren 9an, esate baterako, elkarretaratzea egin zuten Andrea eta Lunes Lilas elkarteek Iruñeko Gazteluko plazan, indarkeria matxistaren biktima guztiei gorazarre egiteko, eta, bereziki, sanferminetako talde bortxaketaren epaia "neurrigabe atzeratu dela" salatzeko. Epaiaren atzeratzea "biktimari ezarritako zigor erantsia" dela azpimarratu zuten.