Goizeko bederatzietan hasita, Ziburuko ikastola epaitu dute gaur. Ziburuko Herriko Etxeko abokatua mintzatu da lehenik. Ikastola eta udalaren arteko hitzarmena uztailean bukatu zela erran du, eta, hortaz, kalean behar zutela ikastolako kideek. Bestalde, argudiatu du Piarres Larzabal kolegioa erabil dezaketela ikastolako haurrek, eta, beraz, ez dutela leku horren beharrik.
Ziburuko ikastolaren defentsak, berriz, zalantzan jarri du kontratuaren bukaera epearen egiazkotasuna. Izan ere, hitzarmenak zioen kontratua luzatzeko “aukera” zegoela. Herriko Etxeak ez zuenez abisatu kontratua berrituko ez zuenik, bertze zortzi urterako luzatzen zen automatikoki bertan egoteko baimena, ikastolarentzat. Bestalde, abokatuak azpimarratu du Seaskak harremana duela Frantziako Hezkuntza Nazionalarekin. Piarres Larzabal kolegioan lekurik ez dagoela gaineratu du, eta 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzako egokia ez dela.
Ikastolako gurasoak eta Seaskako ordezkariak izan dira epaiketan. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak adierazi du ezen, epaiketan hitzarmenari buruz hitz egin duten arren, “kontratu moral bat” dagoela kolokan. Izan ere, Ziburuko Herriko Etxeak hitz emana zion ikastolari aterabide bat bilatuko zuela. Martxotik elkarrizketa etenda dago, ordea. Epaiketak zentzurik ez duela gehitu du Indok, eta haurren hezkuntza zalantzan dagoela: "Ezin diegu hezkuntza eskubidea ukatu 12 haur horiei".