Askatasunak jakinarazi duenez, Espainiako Poliziak lehengo ostiralean Errenterian, Oiartzunen eta Arrasaten (Gipuzkoa) atxilotutako gazteek "tratu txarrak" jaso izana salatu dute. "Orohar, buruan kolpe asko jaso dituzte, biluzik eduki dituzte eta senideak atxilotzeko mehatxuak egin dizkiete -hainbat kasutan atxilotze aginduak erakutsi dizkiete-", esan du gaur Askatasunak. "Haizea Iriarte eta Xabier Lujanbio bikotea eta bi gelatan zeudela, Xabierrek Haizea ikus zezakeen kristal baten bidez. Poliziek Xabierri galderak egiten zizkioten eta, erantzuna beraien gustukoa ez bazen, Haizea biluzten joaten ziren pixkanaka".
Poliziak hamar lagun atzeman zituen ostiralean, eta hauek atzo pasatu ziren, Madrilen, epailearen auretik. Aitor Alberdi, Aitor Franco, Iosu Arruabarrena, Xabier Lujanbio eta Harkaitz Antza baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen atzo gauean Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak. Alcala-Mecon daude Arruabarrena eta Franco; Soto del Realen Lujanbio eta Antza eta Valdemoron Alberdi; denak Espainiako kartzeletan. Orain konfiantzako abokatuen bisitak jasotzen ari dira bostak, oarsoaldekohitza.info-k dioenez.
Ion Otxoa libre utzi zuen epaileak, hamabostean behin polizia-etxera sinatzera joateko baldintzarekin. Gainerako laurei bermea jarri zien aske geratzeko: Alex Etxeberriari 6.000 eurokoa eta Haizea Iriarteri, Beñat Burladari eta Gorka Etxeberriari 3.000 eurokoa. Hauek oraindik ez dira atera kartzelatik; 18:00ak aldera ziren libre geratzekoak.
Askatasunak salatu egin du Poliziaren jokabidea. "Inkomunikazio garaian bizitako tratu txarren eta jazarpen sexualen lekukotzak jaso ditugu berriro. Espainiako Poliziak inpunitate osoa du euskal gazteak atxilotu, inkomunikatu, torturatu, espetxeratu eta sakabanatzeko. PSOEk bere agintaldia bortizkeriaren aldeko apustua berretsiz hasi duela argi gelditu da, inkomunikazioaren, torturaren eta sakabanaketaren alde eginez".
Beste bi gazte epailearen aurretik pasatzeko zain
Atzo, berriz, Espainiako Polizia gutxienez 11 lagun atxilotzen saiatu zen, joan zen astean abiatutako sarekadari jarraipena emanez. Bi atzeman zituen: Gaizka Ibeas (26 urte) eta Iker Iraola (27 urte), Errenterian, baina gainerako bederatziak ez zituen etxean aurkitu. Askatasunaren datuen arabera, lau lagun atxilotzen saiatu ziren Oiartzunen, lau Errenterian eta bat Gaintxurizketan. Polizia iturrien arabera, gutxienez hamar lagunek ihes egin dute.
Ibeas eta Iraola bihar eramango dituzte epailearen aurrera. 10:00etatik aurrera hartuko ditu Grande Marlaskak.
Atxiloketak
Ostiralean atxilotutako gazteek tratu txarrak jaso izana salatu dute
Askatasunaren arabera, buruan kolpe asko jaso zituzten, biluzik eduki zituzten eta senideak atxilotzeko mehatxuak egin zizkieten. Epaileak atzo gauean bost gazte kartzelara bidali zituen, lau bermepean libre utzi zituen, eta bat kargurik gabe. Atzo atxilotutako biak bihar eramango dituzte epailearen aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu