Epaia argitaratu eta biharamunean, Arabako fiskalak eskatu du berehala espetxeratzeko auzian zigortutakoetako bost: Alfredo de Miguel —EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako diputatua 2007tik 2010era—, Koldo Otxandiano ABBko kide ohia, Xabier Sanchez Robles Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazte eta Ekintza Komunitarioko zuzendari ohia, Aitor Telleria ABBko kide ohia eta Iñaki San Juan Leioako Kultura zinegotzi ohia. Hori aztertzeko auzi saioa ostiralean egingo dute, 09:30etik aurrera, ateak itxita.
EH Bilduk larritzat jo zuen De Miguel auziko sententziak baieztatu zuena. Horri gogor erantzun dio Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak, ETAren ibilbidea gogoratuz, eta kritikatu egin du alderdi subiranista: «Euskadin ustelkeria egon bada, iraultza zerga izan da. Hortik onurak atera ditu modu aktiboan eta pasiboan. Ez dugu onartuko ezker abertzalearen leziorik».
Ortuzarrek barkamena eskatu du, baina esan du alderdia ez dela erantzulea: «EAJ ez dago inplikatuta De Miguel auzian; sententziak berak esaten du. Baina tartean daude alderdiko militante eta kargu publikoak. Kaltetu nagusiak gara, horrelako jarrerak dituzten pertsonak izateagatik. Ezin dugu babestu ezer gertatuko ez balitz bezala».
Kritikak onartzen dituztela adierazi du, baina kasu «bakan» bat dela dio. Horrez gain, Andaluziako enplegu erregulaziorako espedienteen kasuarekin eta Gurtel auziarekin alderatzea gaitzetsi du: «Argi dago aldea: ez dugu onurarik atera, eta ez zen botoak lortzeko». EAJk hasiera-hasieratik erantzun duela nabarmendu du, bere garaian PPk ez bezala. «Ez da gure kasua, nahiz eta eragiten digun».
EH Bilduren exijentzia
Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du ez dela nahikoa EAJk barkamena eskatzea epaiagatik, atzo Ortuzarrek eta Iñigo Urkullu EBBko buru ohi eta Jaurlaritzako lehendakariak egin zuten moduan, eta «ardura politikoak» hartzeko exijitu dio alderdi jeltzaleari. Ugartek nabarmendu du zigortuetako hiru EAJren arduradun izan zirela. «Euskal oasiaren mitoa erori egin da». Haren ustez, De Miguel auzia ezin da hartu kasu isolatu gisa, eta ezin da pentsatu EAJn inork ez zekienik zer gertatzen ari zen. «Ez ziren edozein militante. Ez zituzten casting batean hartu; EAJk jarri zituen. Orduan Urkullu buru zuen EAJk».