Jaurlaritzak banatuko dituen Lurreko Telebista Digitalaren baimenak lortzeko lehiaketa ostiralean abiatuko da. Orduan irekiko da baimenak lortzeko proiektuak aurkezteko epea, eta martxoaren 23an amaituko da. Lehiaketarako oinarri eta arauak bihar argitaratuko dituzte EAEko buletinean, eta telebista horiek 2008an emititzean hastea aurreikusten du Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaraten prentsaurrekoa eman du gaur Donostian, eta han azaldu du, baimena lortu nahi dutenek martxoaren 23ra arte dutela proiektua aurkezteko epea. Hortik aurrera, sei hilabeteko epea izango du Jaurlaritzak lizentziak nori eman erabakitzeko. Hain zuzen ere, datorren urteko ekainaren amaiera aldera jakingo da.
Azaldu duenez, baimenak lortu nahi dituzten Udalek ere epe hori izango dute proiektuak aurkezteko, nahiz eta horiek ez diren lehiaketan sartuko. Dagoeneko kanal bat gordeta dute Gasteiz, Arrasate, Donostia, Zarautz, Irun, Barakaldo eta Getxoko Udalek.
Lehiaketan parte hartu nahi duten proiektuek, beraiek sortutako programazioarekin bete beharko dute emisioaren erdia, informatiboak barne. Gainera, kanalek ezingo dute programazioaren %25 baino gehiago partekatu. Euskal egile eta kantarien emanaldiak eta lanak programazioaren %15etik gorako ehuneko batean eskaini beharko dira. Euskara hutsezko proiektuak "hobetsi" egingo dira, eta ez da erdera hutseko kanalik egongo.
Lizentziak banatzerakoan garrantzia emango diote bideragarritasun planari. Plan teknikoari dagokionean, proiektua garatzeko plana, zerbitzua zabaltzeko plana eta kalitateko plana aztertuko dituzte; plan ekonomikoan, berriz, inbertsioak eta kostuak zehazteko plana, merkatuaren azterketa, finantza eta negozio plana, enplegua sortzea, EAEko ikus-entzunezko sektorean egindako ekarpena eta egituraren egonkortasuna.
Hedabideak
Ostiralean irekiko da tokiko telebisten baimenak eskatzeko epea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu