Arkaitz Otazua Ertzaintzak hil zuen ETAko kidearen aldeko manifestaldian parte hartu zuten zortzi lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuei ETAren aldeko oihuak egitea eta agintaritzari desobedientzia leporatzen zaie. Fiskalak bi urte eta bi hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du auzipetu bakoitzarentzat.
2003ko irailaren 14an, Herrerako mendatean Ertzaintzaren aurka egindako segadan, ETAko bi kidek eskopetekin tiro egin eta bi ertzain zauritu zituzten. Ertzainetako batek, berriz, tiro egin eta ekintzaileetako bat zauritu zuen izterrean, haiek ihesean zihoazela. Igandean, 22:30ean, izan zen tiroketa eta, EAEko Herrizaingo Sailaren arabera, gorpua ez zuten asteleheneko 08:05ak arte aurkitu. Ustez atentatuan parte hartu zuten beste bi etakideek Herrizaingo Sailaren arabera, Asier Mardones eta Josune Oña ihes egitea lortu zuten. Espainiako Poliziak uztailaren 24an atxilotu zituen biak, eta epaileak espetxeratzeko agindu zuen.
Gertaeraren ondorioz, hildakoaren omenez, borroka eguna antolatu zuten hilaren 18rako. Bilboko plaza Biribilean manifestaldi bat deitu zuten. "Agur eta ohore gazte borrokalariari" zioen pankartaren atzean, 50 pertsona inguru gerturatu ziren, baina denbora aurrera joan ahala 200 lagun bildu ziren, gutxi gorabehera.
Ertzainek baimendu gabea zen elkarretaratzea egiten ari zirela ohartarazi zieten eta bertakoek "herriak ez du barkatuko", "Arkaitz gogoan zaitugu", "zuek faxistak zarete" eta "Arkaitz ez da terrorista, borrokalaria da" bezalako esaldiak oihukatu zituzten. Azkenean 50 bat lagunek Kale Nagusia itxi zuten eta Ertzaintzak elkarretaratzean bildutakoak sakabanatu zituen.
POLITIKA
Otazuaren omenezko mobilizazioetan parte hartu zuten zortzi lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean
Arkaitz Otazuaren heriotza salatzeko protesta-ekitaldian parte hartu zuten zortzi lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Laugarren Sekzioan, besteak beste Ana Lizarralde eta Angel Alcalde. "Terrorismoa goraipatzea" eta Ertzaintzaren aurkako oihuak egitea leporatzen zaie. Fiskalak, bi urte eta bi hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen du bakoitzarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu