Une honetan, alderdien mahaia osatzea da ezinbestekoa eta ez Batasunaren legeztatzea. PSOE da aurre baldintza hori ezartzen ari den bakarra, bileretan parte hartu duten gainerako alderdiek uste dute baldintzak badaudela elkarrizketa mahaia osatzeko. Horixe da une honetan lehentasun nagusia, eta ez Batasunaren legeztatzea. Izan ere, Otegik azaldu duenez, Batasuna legeztatzeak ez du prozesuak aurrera egitea ziurtatzen. Alderdien mahaia osatzeak, berriz, bermatu egingo luke prozesuak bere bidea jarraitzea. Azpimarratu du Batasuna ez dela gai horri buruz ezertxo ere eztabaidatzen ari bere militanteekin.
PSE-EEko ordezkariekin bildu zen lehenik Batasuna eta EAJrekin bilduta joan den astean amaitu zuen bilera txanda. Gaur batzar horien inguruko balorazioa egin du Batasunak eta bi ondorio nagusi azpimarratu dituzte Arnaldo Otegi eta Rufi Etxeberria Batasuneko mintzakide taldeko partaideek.
Batetik elkarrizketen balio handia nabarmendu dute. Elkarrizketa normalizatuak eta zintzoak izan direla azaldu du Otegik eta alderdi guztiak bat etorri direla konponbidea elkarrizketaren bidez etorri dela beharra azpimarratzeko unean. Prozesuaren helburua nagusia Euskal Herriari hitza eta erabaki itzultzea dela berretsi du Batasunekoek eta horretarako akordio politikoa erdiestea beharrezkoa dela azaldu du.
Bigarren ondorio nagusia, Otegiren hitzetan aurrez aipatutakoa da: alderdi guztiek PSOEk izan ezik, uste dute baldintza guztiak ematen direla elkarrizketa mahaia osatzeko. PSOE da Otegiren hitzetan baldintzak jartzen ari dena (Batasunaren legeztatzea, esaterako). Etengabe baldintzak jartzen ari diren horiek dira Otegiren ustez, prozesuari oztopoak jartzen dizkiotenak.
Batzerketarik gabeko elkarrizketa
Konponbide prozesuaren bilakaerari begira, bi "gonbidapen demokratiko" luzatu ditu Otegik. Lehenik azpimarratu du gatazkarekin amaitzeko ezin dela inor baztertu, ez ideologikoki ez lurraldetasunari dagokionez. Baldintza hori oinarri oso demokratikoa dela iritzi dio Batasunekoak. "Nor da nor esateko norbaitek ezin duela prozesuan parte hartu? Nor da nor betoak jartzeko?". Otegiren hitzetan Euskal Herriko eragile guztiak daude gonbidatuta gatazkaren konponbidean parte hartzera.
Bestalde, prozesuan parte hartzen duten guztiek elkar errepetatu behar dutela nabarmendu du Otegik. "Batasunaren eta ezker abertzalearen jardun politikoa errespetatu egin behar da", azpimarratu du. Otegik azaldu duenez, munduan ez dago prozesurik non alde bat etengabe erasotu den. Une honetan, nabarmendu du Otegik,Batasuna ez dago gainerakoen baldintza berdinetan.
Norbait falta bada, alderdien mahaia osatzea ezinezkoa dela uste du Otegik. Hau da, Batasuna falta bada edo Batasuna legezkoa ez delako PSOE mahai horretan esertzen ez bada ez dago mahairik. Otegik azaldu du PPk ez duela mahai horretan parte hartu nahi baina horrek ez duela esan nahi beto eskubidea duela. Une honetan etekin politikoagatik prozesuak aurrera ez egitea nahiago du PPk, Otegiren ustez. Etorkizuenan zer gertatzen den ikusi egin beharko da Otegiren arabera, izan ere Euskal Herritarren gehiengoa prozesuaren alde dagoela nabarmendu du.
Konponbide prozesua
Otegi: "Alderdien mahaia osatzeko baldintza guztiak betetzen dira PSOE ez beste guztientzat"
Alderdi guztiekin UMP, PP eta UPNrekin izan ezik izandako bilera txanda "zabala eta bizia" izan dela azpimarratu dute gaur Arnaldo Otegi eta Rufi Etxeberria Batasuneko mintzakide taldeko partaideek. Bilera txanda horretatik ateratako ondorio nagusi bat nabarmendu du Otegik: "PSOE ez beste alderdi guztientzat Euskal Herrian elkarrizketa mahaia osatzeko baldintza guzti-guztiak emanda daude". Otegiren hitzetan PSOE da baldintzat jartzen dituen bakarra, esaterako Batasuna legeztatzearen beharra. Otegiren ustez, berriz, Batasunaren legeztatzea ez da oraingo eztabaidaren funtsa, horrek ez baitu ziurtatzen prozesuak aurrera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu