"Berretsi egin nahi dut El Pais-en esandakoa, argi eta garbi; bide politikoen aldeko apustua egin dugu". Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen hitzak dira, epaiketaren bukaeran esandakoak, azken hitzaren partean. Halaber, azaldu du "baztertu" egiten duela "proiektu politiko bat inposatzeko indarkeria erabiltzea". Joseba Permach eta Joseba Alvarez auzipetuek bat egin dute harekin.
El Pais Espainiako egunkariak urriaren 17an Otegirekin egindako elkarrizketa luzea atera zuen, eta ezker abertzaleko kidea argi mintzatu zen bide politiko hutsen alde. Besteak beste esan zuena: "[ETAk atentaturen bat egingo balu, ezker abertzalearen jarreraz galdetuta] Hipotesi hori ezinezkoa da niretzat. Nolanahi ere, ezker abertzalea gertaera horien kontra jarriko litzateke, bere hausnarketen, nazioarteko komunitatearekin hartutako konpromisoen eta Mitchell printzipioen kariaz", "arma guztiek behin betirako desagertu behar dute ekuazio politikotik", "gure helburuak lortzeko estrategia eraginkorra daukagun sedukzio demokratikorako gaitasun esklusiboan bermatu behar da", "ustez kale borroka ekintzak izan direnen aurrean ezker abertzaleak erakutsi duen desmarkeak garbi uzten du bide politiko eta demokratikoekiko konpromisoa".
2004ko azaroaren 14an Batasunak Anoeta Donostiako belodromoan egindako bake proposamenaren ekitaldian "terrorismoa goretsi" zutelakoan epaitu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean Otegi, Permach eta Alvarez, ETAren aldeko oihuak-eta izan zirela argudiatuta. Atzo hasi zen epaiketa, eta gaur amaitu da, 15:30ak aldera. Epaiaren zain geratu dira.
Espetxe zigor eskaerak
Fiskalak lehen egina zuen eskaera berretsi du gaur: hemezortzina hilabeteko espetxe zigorra eta hamabina urteko inhabilitazioa hiru auzipetuentzat. "Otegik Anoetako ekitaldiaren erabateko boterea zeukan". Ermuko Foroa herri akusaziok ere berretsi egin du eskaera: bosna urteko espetxe zigorra eta hogeina urteko inhabilitazioa. "Terrorismoa gorestea", desobedentzia, bilkura ilegalean parte hartzea eta badaezpadako neurriak haustea ere egozten dizkiete.
Defentsak absoluzioa eskatu du. "Konponbide eta bake proposamena aurkeztea bazen helburua, beste aukerak baztertu beharrekoak dira. Mitin batean hizlariak ez du jakiten zer gertatuko den ekitaldi osoan", Goirizelaiaren ustez. Honek esan du egunkarietako artikuluetan eta telebistako bideoetan oinarritutako txostenak ezin direla izan froga perizial; "hori onartzea iruzur prozesala izango litzateke".
Iñigo Iruin defentsa abokatuak azaldu du Anoetako pantailan hildako lagunen argazkiak-eta agertzean ustez izan ziren oihu gutxiak ezin direla lotu "apologia eta goratzearekin".
Egigurenen deklarazioa
Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak gaur Auzitegi Nazionalean aitortu du aldez aurretik zekiela Batasunak 2004ko azaroan Anoetan proposamena aurkeztuko zuela. "Espainia eta Euskadi erdiak zekiten", esan du. "Eta Espainiako Gobernuak?", galdetu dio Jone Goirizelaia defentsa abokatuak. Epaile nagusiak moztu egin du, ordea, orduantxe; ondorioz, Egigureni gaiaz ez dio utzi azalpen gehiago ematen. Dena dela, honek aurretik esan du ez zeukala Batasunak Anoetan azalduko zuen proposamenaren edukiaren berririk.
Halaber, PSEko buruak gaur onartu du Otegirekin bildu izan dela, baita batzuetan Permach eta Pernando Barrenarekin ere.
Defentsa abokatuaren galderei erantzun die Egigurenek, haren lekuko gisa. Fiskalak ez dio itaunik egin. Oso labur aritu da: hamar minutuz, 11:05etan hasita.
10:50etan hasi da gaurko saioa, Sergio Lazkano preso lekukoaren deklarazioarekin. Haren enpresak antolatu zuen ekitaldiko gidoia, eta Lazkanok adierazi du ez zuela Otegiren-eta agindurik jaso.
Gorka Landaburu Aldaketa 16 aldizkariko zuzendariak deklaratu du "bide demokratiko eta baketsuen apustua" azaldu zuela Batasunak 2004ko hartan. "Ez ginen gehiegi harritu". Antzera mintzatu da Iñaki Iriondo Gara-ko kazetaria: "Nabarmena da bake proposamen baten aurkezpena izan zela".
Otegi, Permach eta Alvarez auzipetuak atzo mintzatu ziren
Otegi, Permach eta Alvarez auzipetuek atzo esan zuten 2004an bake proposamena aurkeztu zuela Batasunak eta ekitaldian ez zela ETA goretsi. "Espainiako Gobernuak erantzun egin zion gure bake proposamenari", adierazi zuen Otegik. Permachek 2004ko proposamenaren balioa azpimarratu zuen: "Anoetatik pasatu izan ez bagina agian ez ginateke egongo Gernikako Akordioaren printzipioetan". Alvarezek gogoratu zuen ekitaldiko bideoetan ez zela ETAren anagramarik agertu.
Herri akusazioaren lekuko ertzain eta guardia zibilek onartu zuten ez dutela auzipetuen aurkako frogarik, eta Anoetako ekitaldian ez zela ETAren anagramarik eta izenik izan. Gaur peritu bezala aritu diren guardia zibilek deklaratu dute ez zutela ETAren ikurrik ikusi.
ELA, LAB, Aralar, EA, Alternatiba eta ezker abertzaleko kideak atzo Madrilen izan ziren, auzipetuei babesa ematen.
Fernando Garcia Nicolas, Angel Hurtado eta Julio de Diego dira epaiketako epaileak. Aurrena da epaimahaiburua.
Batasuna-ren 2004-ko proposamenaren aurkako epaiketa
Otegi: "Argi eta garbi berresten dut bide politikoen aldeko apustua egin dugula"
'El Pais'-en esandakoa berresten duela adierazi du ezker abertzaleko kideak, eta "baztertu" egiten duela "proiektu politiko bat inposatzeko indarkeria erabiltzea". Bukatu da Joseba Permach, Joseba Alvarez eta hiruren aurkako epaiketa. 2004an Batasunak Anoetan egindako ekitaldian "terrorismoa goratzea" leporatzen diete. Jesus Egiguren PSEko presidenteak Espainiako Auzitegi Nazionalean aitortu du bazekiela Batasunak proposamena aurkeztuko zuela, baina ez zeukala edukiaren berririk. Gorka Landaburu kazetariak esan du "bide demokratiko eta baketsuen apustua" azaldu zuela Batasunak. Fiskalak eta herri akusazioak eutsi egin diete zigor eskaerei: hemezortzina hilabeteko kartzela aurrenak, bosna urtekoa bigarrenak. Defentsak absoluzioa eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu