2009az geroztik Bateragune auziagatik preso, Otegiren ustez agerian gelditu zen Espainiako Estatuaren jokamoldea ETAk jardun armatua bertan behera utzi zuenean. Izan ere, indarkeriarik gabeko egoera batean ere ez du jarrera aldatu: "Estatuak boxeoan aritzeko eskularruekin jokatu nahi du xakean, eta hori ezinezkoa da".
Urteotan, nazioarteko hainbat eragilek babestu dituzte auzian zigortutakoak eta, bereziki, Otegi. Haren iritziz, babes horrek agerian uzten du “estatuaren posizioen higadura”. Sei urte egingo ditu datorren astean espetxean, eta elkarrizketan azaldu du amaren heriotza izan dela espetxealdiko une gogorrena.
Gatazkaren kontakizunari buruz, berriz, errelatoen "aniztasuna" aldarrikatu du ezker abertzaleko buruzagiak, "beti ere besteena baztertzen ez bada". Azaldu du, halaber, hobe dela biktimekin gehiago hitz egitea horien inguruan mintzatzea baino, eta beharrezkotzat jo ditu biktimen arteko topaketak, “errelato bakarraren logika apurtzen dutelako”.
Ez du Espainiako Estatutuarekin akordioak lortzeko esperantzarik: "Gure askapen estrategiak estatuarekin akordioak lortzean oinarritzen badira, ez da ez akordiorik ez askapenik izango". Espainiaren aldetik ez du erabakitzeko eskubidearen aitortzarik espero: “Historikoki, EAJk eta ezker abertzaleak -modu eta eduki ezberdinetan- sustatu egin dugu gure identitate nazionalaren aitortzaren eta erabakitzeko eskubidearen jokaleku demokratikoetara estatuarekin akordio bat lortzearen bidez heltzeko aukera”. Jokaleku hori “ez da gertatuko”, Otegiren iritziz.
XXI. Mendean independente izatea zer den ere gogoetatu du: “Gure burujabetza politiko eta ekonomikoa ezinbestekoa da gure herriaren gehiengoaren ongizatea bermatzeko bidean eraldaketa politiko eta ekonomikoa abiatzeko”.
Ezkerra, gaur
Eredu sozioekonomikoaz hausnartuta, Otegik uste du ideien borrokan “hamarkadako aldeak” dituela neoliberalismoak haren aurkako alternatibekiko: “Kapitalismoari erantzuteak ekonomia, etika eta politika berriak eskatzen ditu”.
Eztabaida sozioekonomikoan ezker abertzaleak zein eredu defendatzen duen galdetuta, 1980ko hamarkadara jo du Otegik adibide gisa: “Herri Batasunak Euskal Banku Publikoaren beharra proposatu zuen, Europako Batasuna Merkatarien Europa gisa deskribatu zuen eta ekonomiako sektore estrategikoen nazionalizazioa defendatu zuen. Sozialista zaharkitutzat jo gintuzten. Gaur Jeremy Corbyn da proposamen hori egiten dituena Alderdi Laboristako idazkari nagusi gisa”.
Gaur egun, “oinarrizko zerbitzu publikoen unibertsaltasuna eta doakotasuna, gizabanako ororentzat gutxieneko errenta bat, sektore publiko indartsu, garden eta kontrol demokratikopekoa” defendatzen du, jabetza pribatua “interes orokorraren menpe” kokatuz.