Gaurko gertakariek Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa zaildu dezaketela ohartarazi du Urkulluk. Bi gobernuen arteko elkarrizketa "guztiz beharrezkoa" da, haren esanetan.
Lehendakariak berretsi egin du adostutako erreferendumaren aldeko jarrera. Kanadaren eta Quebecen, eta Erresuma Batuaren eta Eskoziaren adibideak jarri ditu mahai gainean. "Eredu baliogarriak izan daitezke irtenbide politiko bat eskaintzeko, betiere lege babesa duen itundutako erreferendum bat antolatzeko. Eredu hauek eskaintzen dute, elkarrizketaren bidez, gure gizarteak egun eskatzen eta merezi duen irtenbide politikoa".
Arnaldo Otegik, berriz, txalotu egin du kataluniarren erantzuna, eta herria eraikitzen jarraitzeko deia egin die, "herriak egiten duelako historia". Hain zuzen ere, Katalunian dira EH Bilduko hainbat ordezkari, erreferendumari babesa adierazteko. Nazioarteko begirale lanetan dabil Josu Juaristi eurodiputatua, Sant Boi de Llobregat herrian.
Irene Moreno, Sant Boi de Llobregateko hauteskolarik handienean bozkatu duen lehenengoa. Sekulako ilusioa, eta emozioa, sentitzen da. pic.twitter.com/OBHbRHWebG
— Josu Juaristi (@Josu_Juaristi) 2017(e)ko urriak 1
Harekin batera joanak dira Maddalen Iriarte eta Bakartxo Ruiz diputatuak. Iriartek gogor gaitzetsi du Espainiako Gobernuaren jarrera eta baita segurtasun indarren erantzuna ere, eta ohartarazi du munduak epaituko duela nork eraso dion herriari.
Oztopo guztien gainetik, Kataluniako herria bozkatzen ari da, berme guztiekin. #referendumcatalunyapic.twitter.com/ua3s45aj0O
— EH Bildu (@ehbildu) 2017(e)ko urriak 1