Martxoaren 24an, Arnaldo Otegi Askatu, Euskal presoak etxera izeneko adierazpena aurkeztu zuten Bruselan, mundu mailako 24 lagunek izenpeturik. Tartean ziren Angela Davis, Pepe Mujica, Ken Livingstone, Slavoj Zizek, Perez Esquivel, Leila Khaled eta Leyla Zana. Horren ostean, hainbat taldek babesa eman diote adierazpenari; euskal kulturgileek eta Herrialde Katalanetako hainbat pertsona ezagunek, kasurako. Zerrenda horretara batu dira Mumia Abu-Jamal eta Leonard Peltier Ameriketako Estatu Batuetako preso politikoak.
Mumia Abu-Jamal eta Leonard Peltier AEBetako preso politikorik ezagunenetarikoak dira. Peltier Amerikako jatorrizko herrien defentsarako mugimenduko kidea da, eta 1977tik dago kartzelan; Amnesty Internationalek bidegabeko epaiketen zerrendan kokatu zen haren kasua 2010ean. Abu-Jamal, berriz, 1982tik dago kartzelan; heriotza zigorrera kondenatu zuten, eta 2011n bizi guztirako zigorra ezarri zioten aurrekoaren ordez. Azken hilabeteotan, haren osasunak okerrera egin du, kartzelatze baldintza kaskarren ondorioz.
Ekitaldia Jude Collins idazle irlandarrak aurkeztu du, eta bertan izan dira Harold Good IRAren armagabetze prozesuaren ikuskatzaile izandakoa, Urko Aiartza Amaiurreko senataria eta Gerry Kelly MLA Sinn Feineko parlamentari eta preso ohia.
Ekitaldian, Arnaldo Otegiren eta berarekin atxiloturikoen lana goraipatu eta haien kartzelaratzea estatuaren ezinari erantzuten ziola azpimarratu dute parte hartzaileek. Kellyk nabarmendu du Otegi eta gainerakoak askatzea "prozesuan aurrera egiteko bidea" dela, eta gatazkaren ondorioen fasea ixtea ezinezkoa izango dela presoen auziari irtenbidea eman arte.